Artiumek dokumentu-ondarearen erronka digitalak aztertuko ditu bi eguneko topaketan

Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen XIII. Topaketa azaroaren 5ean eta 6an egingo dute Gasteizen. Dozena bat profesional baino gehiagok parte hartuko dute, eta saioak aurrez aurre zein online jarraitu ahal izango dira.

Gasteizko Artium Museoak Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen XIII. Topaketa antolatu du azaroaren 5erako eta 6rako. Dokumentu-ondarea aktibatzea: ekosistema digitalean sartzeko praktikak, teknologiak eta politikak izenburupean, artxiboen, liburutegien eta dokumentazio-zentroen egungo erronkak landuko dituzte.

Jardunaldietan dokumentu-funtsak kontserbatzeko eta eskuragarri jartzeko moduez gain, ikerketarako, interpretaziorako eta bitartekaritzarako dituzten aukerak aztertuko dituzte. Digitalizazio masiboak, automatizazioak eta adimen artifizialak ondarearen kudeaketan eta sarbidean duten eragina ere izango dute hizpide, baita haien ondorio etiko, juridiko eta ekosozialak ere.

Elena Roseras Artiumeko Dokumentazio Zentroko arduradunak emango du hasierako hitzaldia. Besteak beste, Euskadiko Filmategiko Ion Lopez Barrenak, MACBAko Elisabet Rodriguezek, Arantza Mariskal Tabakalerako Medialabeko arduraduna eta Gloria Exposito Alvarez, Espainiako Liburutegi Nazionaleko Prozesu eta Zerbitzu Digitalen zuzendariak parte hartuko dute. CSICeko eta hainbat unibertsitatetako profesionalak ere izango dira.

Museoak 2002tik antolatzen ditu topaketak, Roserasen zuzendaritzapean. Aurtengo edizioa LKS Nexten lankidetzarekin prestatu dute. Dagoeneko 80 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Matrikulak 40 € balio du publiko orokorrarentzat eta 20 euro ikasle egiaztatuentzat eta Artiumeko Adiskideentzat. Izen-ematea zabalik dago.

Programa osoa ikusi

Zabaldu:

Utzi erantzuna