(argazkia: Iruñeko Udala)

Asier Gogortza artistaren ‘Autopsiak’ argazki erakusketa ireki dute Iruñean

Berako artistak egindako argazkiak otsailaren 2ra arte ikusi ahal izango dira Kondestable jauregiko Civivox aretoan.

Garaikide zikloaren barruan ikusi ahal izango da Asier Gogortza (Bera, 1976) artistaren Autopsiak izeneko argazki erakusketa, Iruñeko Kondestable jauregian. Azaldu duenez, autopsia hitza grekera zaharretik dator. Euskarazko itzulpen zuzena “norberak ikustea” izango litzateke, “αὐτός” (autos, norbera) eta “ὄψις” (opsis, ikustea). “Hildakoaren gorpua behatu, hila dagoela egiaztatu eta heriotzaren kausak aztertzea dira autopsiaren xede nagusiak. Forentseen lan-metodoa paisaiari aplikatu zaio erakusketa hau osatzen duten bost argazki multzo desberdinak egiterako orduan. Jendez hustu diren herriak, Berako bordak, Portugalgo tren geltokiak… denbora batean bizi-bizirik zeuden paisaiak hil-hurren edo erabat hilik ailegatu dira gure garaietaraino”, azaldu du argazkilariak.

Gogortza forentse baten begiradatik hurbildu da paisaia horietara, bertara joan, bere begiz ikusi, benetan hilik ote dauden egiaztatu eta heriotzaren kausei buruzko zantzuak bildu. Mundu zaharretik gorde zitekeena gordetzeko helburua du argazki-ekintza honek: batetik hondakinak dokumentatu eta katalogatu, eta bestetik bistatik kendu, estali edo gorde. “Izan ere, autopsia egin ondoren maindire zuriz estaliak izan dira hildako paisaiak, hondakinak denen bistan utzi beharrean haien duintasuna babestu nahi izaten da”.

Erakusketak beste garai bateko paisaiei zor diegun begirunez agurra egiteko ariketa proposatzen du, beti gibelera begira ibili beharrean behingoan aitzinera begiratu ahal izateko, horrela bakarrik ikusi ahal izango ditugulako sortzen ari diren mundu eta paisaia berriak.

Gogortzak kazetaritza ikasketak egin zituen, baina argazkilaritzan murgilduta pasa ditu azken hogei urteak. 2000. urtetik hona, zenbait arte proiektu kolektiboren sorkuntzan parte hartu du, hala nola Berako Ertz jaialdia, edo Brasilgo Amazoniako Mamori Art Lab proiektua. Paisaia eta arkitektura izan ohi dira bere argazki proiektuetako lehengai nagusiak.

Zabaldu: