Asier Iturralde irudigile eta diseinatzaile grafikoaren erakusketa ikusgai Donostian

Hiru hilabetero, irudigile baten lana eskaintzen du Ilustratzailearen Txokoak. Oraingoan Asier Iturralderen txanda da.

Asier Iturralde (Donostia, 1972) Arte Ederretan lizentziaduna da eta lehen urratsak diseinu estudio eta hainbat agentziarentzat lanean eman zituen (Gamma, Trace, Ver no, Alude, besteak beste). 2004. urtean beste diseinugile batekin batera La Machine Factoría Gráfica sortu zuen, erakunde eta enpresentzako grafiko eta ilustrazio lanak eginez. 2017an ilustrazioaren munduan gehiago sakontzeko gogoz, bide berri bati ekin zion StudioGASTON sortuz. Bertan, erakundeentzako lan egiten dute batik bat, kultura eta gazteria arloekin zerikusia duten proiektuetan bereziki.

Komiki zale amorratua dela dio Iturraldek, bere denbora librearen zati handi bat eskaintzen dio komikiak sortzeari, hainbat sari eta aipamen lortuz (Portugalete, KMK, Deia, Kutxa Kultur…). Gainera, astero web-komik bat argitaratzen du www.betiberdintaberna.art atarian.

Komiki erakusketetan ere parte hartu izan du; Rekalde Aretoan eta Kutxa Aretoan, esaterako. Balmasedako 700. urteurrena ospatzeko komikia argitaratu eta El Balancin urtekarian ere partehartu du. 2019ko urtarrilean Galtzagorri elkarteak Iruñeko udalarekin batera antolatzen duen BIKO-TEKA idazle eta ilustratzaileentzako lantegiaren hirugarren edizioan parte hartu zuen, Aintzane Usandizaga idazlearekin elkarlanean. Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez sortutako lantegia da, haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izateko sortua. Helburua lantegiaren amaieran parte hartzen duten bikoteek album ilustratu baten proiektua abian jartzea da. Aurten, Iturraldek eta Usandizagak irabazi dute Etxepare saria, BIKO-TEKA lantegian sortu eta ondoren bukatutako Etxe Honetan albumari esker. Euskal Irudigileak, EIDE Basque Design eta Galtzagorri elkarteetako kidea da. Studio Gastón: www.studiogaston.design

2012ko urrian Donostiako Aiete Kultur Etxean, Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik igaro dira ilustratzaile klasiko eta berriak: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera. Orain Asier Iturralderen txanda da.

Erakusketaren ordutegia

Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30

Larunbatak: 10:00-14:00, 16:30-20:00

Igandeak: 10:00-14:00

Astelehenak eta jaiegunak: itxita

Gabonetako ordutegia (Abenduak 21 Urtarrilak 6)

Astelehenak eta jaiegunak (abendua 25, urtarrila 1, 6 ): itxita

Asteartetik igandeetara : 10:00-14:00

Larunbatak : 10:00-14:00, 16:30-20:00 (abenduaren 21ean goizez bakarrik; 10:00-14:00)

Zabaldu: