Martxan da Haziaraba, estimulazio artistiko goiztiarreko landa jaialdia

Denetara 35 emanaldi izango diren 1 eta 6 urte bitarteko umeentzat Arabako 9 herritan.

Agurain, Amurrio, Aramaio, Legutio, Iruña Oka, Bastida, Laudio, Oion eta Abetxukoko kontzejuko herritarrek estimulazio artistiko goiztiarreko hiru esperientziatan parte hartzea du helburu Haziaraba jaialdiaren bigarren edizio honek. “Kulturaren eta artearen hazia Arabako txikienen artean zabaltzeko eta jaialdia sendotzeko”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Teatro Paraiso eta Teklak Komunikazio eta Audientzien Estudioa dira antolatzaileak; jaialdia Mind the gapInterreg Poctefa Europako proiektuaren parte da, eta Arabako Foru Aldundiaren babesa du.

Sustatzaileen ustez, “jaialdia aukera aparta da eskualde horretako ikusleekin harremanetan jartzeko eta parte hartuko duen udalerri bakoitzeko erakundeekin, bai eta, ahal den neurrian, Arabako kultura eskaintzari ekarpena egiteko ere”.

Ikusle guztientzako programazioa abenduaren 14an hasiko da, Amurrion, eta urtarrilaren 4an amaituko da. Hala, aurtengo jaialdian hiru esperientzia artistiko izango dira aipatutako herrietan:

Lorategian da aurrena, Teatro Paraiso konpainiaren ikuskizun eszenikoa da honakoa. 1 eta 4 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta, antzerkia, bideoa, itzalak eta marrazkiak nahasten ditu, ikusleek esperientzia dibertigarri eta aktiboa bizi dezaten. “Emakume bat lorategian jarrita, ametsetan. Gizon bat etorri eta bidaia bat egitera gonbidatuko du, irudien munduan barrena. Bien artean, arbola artean dagoen oihala jasoko dute; oihala orrialde zuri bihurtuko da, irudiak sortzeko eta aldatzeko… jolas egiteko eta emozioak azaltzeko leku bihurtuko da”.

Gaztefilmfesten eta Kalakalaben eskutik bestalde, 3 eta 6 urte bitarteko haurrek Iluminar Animalarium film laburren saioaz gozatu ahal izango dute. Bertan, hainbat pertsonaia eta animaliekin batera, misterioen bidez, espazioetan zehar ibiliko dira ikus-entzuleak, egoera batetik bestera.

Jokuen eszenografia Teatro Paraíso konpainiak eta Gutxinaka-gutxinaka proiektuak 1 eta 4 urte bitarteko umeentzat sortutako jolas gunea da. “Abentura artistiko bat, non handiek eta txikiek kartoizko eszenografia txikietan murgiltzeko aukera izango duten, barnealdea arakatzeko, eraldatzeko eta familian bizitzeko espazio berriak sortzeko”.

“Jokoen eszenografia hainbat materialez egindako instalazio artistikoa bizitzeko gonbidapena” dela azaldu dute antolatzaileek.

Zabaldu: