Zientzia-gaiak lantzen dituzten kazetariei zuzenduta dago liburua, baina ez haiei bakarrik. Egilearen ustez, kazetari guztientzat izan daiteke interesgarri eta probetxugarria. Baita hedabideetan urratsen bat egin nahi luketen zientzialarientzat ere.
Zenbait gako kazetarientzat zientziaren komunikazioaz liburua argitaratu du Asier Larrinaga Larrazabalek (Bilbo, 1965) UEUren eskutik. Liburua kazetari guztientzat ez ezik, hedabideetan urratsen bat egin nahi luketen zientzialarientzat ere interesgarri eta probetxugarria dela dio EITBko Euskara Zerbitzuko arduradunak. Larrinaga Zientzietan (EHU) eta Euskal Filologian lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea) da eta doktorea da soziolinguistikan.
Egileak azaldu duenez, “historia osoan ez da egon gaur egun bezalako aukerarik askotariko jakiekin elikatzeko, osasuna zaintzeko, konfort handiz bidaiatzeko zein etxe gozo batean bizitzeko, eta herritarrak jakitun daude ongizate-maila hori aurrerakuntza zientifiko eta teknologikoei zor zaiela. Horregatik, informazio zientifikoak interes handia pizten du ikus-entzuleen artean”.
Hedabideetan, beste horrenbesteko arreta eskaintzen zaie zientziarekin loturiko gaiei, publikoaren jakin-mina ase nahian, baina ez da beti asmatzen komunikazioarekin.
“Eragozleak ez dira gutxi: sasizientziaren oldarra, egungo ekosistema informatiboan atzematen diren fenomeno jakin batzuk, esaterako, informazioaren eta entretenimenduaren bat-egitea edo postegiaren goraldia, eta, eragozle garrantzitsua hau ere, kazetaritzako printzipioen ulerbide ezberdinak”, adierazi du Larrinagak.
Liburu honetan, zailtasun horiei aurre egin behar dieten zientzia-kazetariei bidegile-rola joka dezatela gomendatzen zaie, hau da, “gutxiago kezka daitezela datuak jakinarazteaz, eta ardura handiagoa ipin dezatela informazioari testuingurua ematen, hitz eta kontzeptu teknikoak azaltzen eta albistearen alderdi garrantzitsuak azpimarratzen”.