Gonbidapenak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira, Niessen Kulturguneko txarteldegian eta Internet bidez.
Aurtengo Errenteriako Atlantikaldia jaialdia berezia izango dela iragarri dute antolatzaileek. “Bizi dugun osasun larrialdi egoera dela eta, egungo segurtasun neurriekin bat datorren jaialdia formulatu behar izan dugu, jaialdia birsortu behar izan dugu”; hala adierazi dute Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak prentsa aurrean.
Hiru zutaberen gainean ardaztuko da aurtengo kultur topagune eta musika jaialdia. Hasteko, irailaren 24tik 26ra Fanderiako tenis pista hartuko du Atlantikaldiaren musika jaialdiak eta bertan kokatuko duten oholtza gainean ikuskizun bakarrak eskainiko dituzte nazioartetik etorritako taldeek euskal artisten kolaborazioekin.
Jaialdiaren lehen egunean, hilaren 24an, La Yegros artista argentinarrak Ines Osinaga (Gose) igoko du oholtzara. Ostiraleko lehen kontzertuan, Guillem Roma katalana Afrika Bibang algortarrarekin batera ikusi ahal izango dugu eta eguneko bigarren ekitaldian, Arat Kilo & Mamani Keita (Frantzia/Mali) Mad Muasel bilbotarrarekin.
Larunbatean, berriz, hiru kontzertu berezi eskainiko dira: eguerdian Pedro Pastor kantautoreak Izaro gonbidatuko du agertokira; iluntzean, Oum (Maroko/Frantzia) Alos Quartet laukotearekin arituko da; eta eguneko azkenak, Che Sudaka izango da (Kolonbia/Argentina/Katalunia). Taldeak Huntza taldeko Josune Arakistain, Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi igoko ditu eszenatokira.
Jaialdiaren arima, baina, ez da hiru egun hauetara mugatuko: herriko eragileek proposatutako proiektu eta ikuskizunak abendura bitarteko kultur egutegian kokatu dituztela jakinarazi dute.
Edizio honetarako, aurrerapausu bat gehiago ere eman nahi izan du Udalak eta nazioarteko artista eta tokiko artista zein eragileen gurutzaketak ahalbidetuko dituzte Atlantikaldia zigilupean. “Jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat kulturen arteko mestizajea eta elkarren artean eragitea da. Hortik abiatuta, harreman berriak sortu nahi ditugu, artista eta eragileen lanari bide berriak zabaldu nahi dizkiogu eta urtean zehar herriko bizitza kulturala aberastuko duten proiektu berriak aktibatu”, adierazi du Otaegik. Hala, aurtengo jaialdiaren hirugarren ardatza, asteburuko programazioaz haratago hedatuko diren diziplina ezberdinetako artisten elkarlan prozesuak izango dira,
Zazpigarren edizio honen leloaz ere mintzatu da alkatea. Otsailean, Covid-19ak sortutako pandemia iritsi aurretik erabaki zuten jaialdia ‘Ortzimugak’ goiburupean erakitzea eta egungo errealitateak berak lelo hau edukiz bete duela azaldu du: “Zeruak eta itsasoak bat egiten duten puntu hori, lehenaldi eta etorkizunaren arteko metafora bilakatuta, garaien arteko inflexio puntu bihurtu da. Bizi dugun errealitateak metáfora gainditu duela esan daiteke”.
Sarrerak
Musika saioetarako gonbidapenak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira: modu presentzialean Niessen Kulturguneko txarteldegian (10.00-13.00 eta 17.00-20.00) eta internet bidez, jaialdiaren webgunean, guztiak ere doan.