(argazkia: Atlantikaldia)

Atlantikaldia hilaren 23tik 26ra egingo da Errenterian

Iparrorratzak lelopean, Atlantikaldiaren edizio berria hiru espazio eszenikotan lehorreratuko da. Ikuskizun eta jardueretan parte hartzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea.

Errenteriako kultur egutegian errotutako hitzordua da, jada, Atlantikaldia jaialdia. Hilaren 23tik 26ra egingo da zortzigarren edizio hau, “bigarren urtez pandemia egoera ezartzen dituen baldintzetara egokituta”, adierazi dute gaur goizean Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Iker Tolosa Atlantikaldiako zuzendariak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak eta Joseba Tapia musikariak prentsaurrekoan.

Iparrotzarrak lelopean egituratu dute edizio berria: “Atlantikaldiak kulturen arteko elkarbizitza helburu izan du bere sorreratik eta hori da gure jomuga”, azaldu dute.

“Bizi garen garaiotan ez dago norabide eta joera bakar bat; bidegurutzez betetako mundu aldakor batean gaude. Elkarbizitza hori gerta dadin bide eta aukera ezberdinak eskaini nahi ditugu jaialdiaren programazioarekin”, azaldu du Otaegik.

Hiru gune nagusi

Gartziaren arabera, “Errenteriako txoko ezberdinak zipriztinduko ditu Atlantikaldia jaialdiak. Herriak eskaintzen dizkigun aukerak baliatu ditugu eta leku berrietara iritsiko gara, Lekuona Fabrikara, Fanderiako tenis pistara eta Migel Irastorza futbito zelaira”, zehaztu du. Espazio bakoitzak bere nortasun propioa izango duela gaineratu du zinegotziak, “gai ezberdinak jorratuko dira eta publiko desberdinei zuzenduta egongo da”.

Hala, Lekuona Fabrika berria izango da aurtengo Itsasargi nagusia, “jaialdiaren oholtza handia”. Artista handien kontzertuak izango dira bertan eta baita Atlantikaldiaren zigilu bilakatu diren Itsas elkarrizketak ere: nazioarteko eta bertako artisten arteko kolaborazioak.

Fanderiako tenis pista, berriz, Herrixka izango da: familientzako gunea. Bertan dantzarekin, musikarekin, kirolarekin eskulanekin… lotutako jarduerak izango dira. Migel Irastorza futbito zelaia, berriz, Kalekaia, arte urbanora bideratutako espazioa. Kontzertuek, dantza tailerrek eta mural handi batek osatuko dute ostiral eta larunbateko programazioa.

Hiru gune horiez gain, Oiartzun ibaiak ere hainbat jarduera hartuko ditu. Ibaia jaialdia egituratu izan duen elementua da eta, aurten ere, hainbat modalitatetan nabigatzeko aukera izango da: itsasontzi tradizionalak, bisita gidatuak eta stand up paddle.

“Gune bakoitzari egokitzen zaion egitaraua sortu dugu, haren nortasuna indartzen duena eta erakargarriagoa egiten duena”, amaitu du Gartziak.

Musika programazioaren gaineko xehetasunak, bestalde, Tolosak eman ditu. “Musikari handiekin” osatu dute kartela eta artisten aukeraketan aniztasuna bilatu dutela adierazi du.

Lekuona Fabrikako oholtzak hartuko duen lehen zuzenekoa Oum marokiarrak Alos Quartet taldearekin eskainiko duena izango da. Ondoren iritsiko dira besteak: Sharon Shannon irlandarrak Joseba Tapiarekin eskainiko du kontzertua; Olatz Salvador, berriz, Venezuela, Kolonbia, Brasil eta Estatu Batuetako lau emakumek osatzen duten Ladama taldearekin igoko da oholtzara; Mali eta Estatu Frantseseko Arat Kilo & Mamani Keita Madmuaselekin ariko dira; eta jatorri argentinarra eta kolonbiarra duen Che Sudaka taldea Zuriñe Hidalgorekin. Arima Soul taldea ere izango da bertan.

Migel Irastorzan Dupla, Ibil Bedi, J Martina, Chill Mafia, Antia Muiño, Blanquita Carraquela, DJ Flaca eta Gitano de Palo izango dira, besteak beste. Fanderian aldiz, Ene Kantak, Albosax edo Mugan taldeak.

Ikuskizun eta jardueretarako gonbidapenak

Pandemiaren eraginez, antolakuntzak segurtasuna bermatzeko osasun neurri bereziak aintzat hartzen dituen protokoloa diseinatu behar izan du aurten ere. “Ikuskizun eta jarduera guztietan parte hartzeko beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea”, adierazi du zuzendariak.

Gonbidapenak eskuratzeko bi bide egongo dira irailaren 17tik 22ra: modu presentzialean Lekuona Fabrikan (astelehenetik ostiralera 09:00-20:00 eta larunbatetan 9:00-14:30) eta webgunearen bidez.

Halaber, ikuskizun edo jarduera bakoitzeko gonbidapenen parte bat egunean bertan eskuratu ahal izango da ekintza garatuko den tokian bertan, hasi baino 30 minutu lehenago.

Egitarauaren xehetasun guztiak atlantikaldia.errenteria.eus webgunean daude eskuragarri.

Zabaldu: