(argazkia: Errenteriako Udala)

Atlantikaldia ‘Uhinak’ lelopean itzuliko da Errenteriara, irailaren 17tik 20ra

Macaco, Baiuca, Selma Uamusse, La Mòssa, Les Frères Smith, Sedientos de Cumbia, Carla Delgado eta Nhil dira jaialdian izango diren taldeetako batzuk. Programazioak, beraz, nazioarteko eta tokiko proposamenak uztartuko ditu beste behin.

Atlantikaldiak lehen artistak iragarri ditu 2026ko ediziorako. Jaialdia irailaren 17tik 20ra egingo da, Errenteria musika, kultura eta hizkuntza artistikoen arteko topagune bihurtuz. Aizpea Otaegi alkatearen hitzetan, uhinek “ez dute mugez ulertzen”, bidaiatu eta eraldatu egiten dira, eta hori bera da Atlantikaldiaren funtsa ere: kanpotik datozen musika eta kulturak bertakoekin elkarrizketan jartzea.

Lehen aurrerapen artistikoan zortzi izen iragarri dituzte. Horien artean daude Macaco, Baiuca, Selma Uamusse, baita La Mòssa, Les Frères Smith, Sedientos de Cumbia, Carla Delgado eta Nhil. Programazioak, beraz, nazioarteko eta tokiko proposamenak uztartuko ditu beste behin.

Jaialdiak bere ohiko gune nagusiak mantenduko ditu: Agirre Lehendakariaren plazako Itsasargi Nagusia, Udaletxeko plazako Herriko Plaza, Panier orubeko Kalekaia eta Foruen plazako Herrixka. Horiez gain, Errenteriako ibaia, kaleak eta herriko hainbat txoko ere programazioaren parte izango dira.

Antolatzaileek nabarmendu dute Atlantikaldiak musika kontzertuetatik harago doan izaera duela, eta sormenaren, parte-hartzearen eta diziplinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua egiten jarraituko duela. Programazio osoa datozen hilabeteetan aurkeztuko dute, musika proposamen berriekin, kaleko jarduerekin, tailerrekin eta herritarren parte-hartzea sustatuko duten ekimenekin batera.

Jaialdiaren lehen “Itsas Elkarrizketa”

Nerea Miss Bermi eta Lisa Keaideke artistek elkarlanean sortu dute kartela, jaialdiaren lehen “Itsas Elkarrizketa” gisa. Irudiak uhinak hartu ditu mugimenduaren, transmisioaren eta oihartzunaren sinbolo, eta jaialdiaren izaera dinamikoa islatu nahi du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna