Amorante

Atmosfera iluneko diskoa plazaratu du Amorantek

Bat edo Hiru izenpean, zazpi kantuz osatutako diskoa aurkeztu du gaur Elgoibarko musikariak.

Bat edo Hiru du izena Amoranteren disko berriak. Zazpi kantuk osatzen duten disko beltza da, “iluna eta era berean, tristeziaren edertasuna dario”, adierazi du musikariak. “Iluntasuna hitzetan sumatu daiteke eta aukeratutako tresnak eta estetikak eragin zuzena izan dute diskoaren izaera ilun hori nabarmentzen”. Hala, erabili dituen musika tresnek, ukitu solemnea erantsi diete hitzetatik abiatutako kantei. “Tronpetak inoizko presentziarik handiena izan du, pianoak eta soinu elektronikoek giro jakin batera garamatzate, Mariano Hurtadoren kontrabaxu doinuek edota Joseba Irazokik kanta batean erabili duen gitarrak giro horri ñabardurak eransteko helburua izan dute, baita ahotsari ezarritako efektuek ere”. Aitor Etxebarria bere aldetik, ekoizpenak arduratu da. La caja de tipos-eko diseinuak atmosfera ilun hori ekarri nahi izan du irudietara. Guztien artean, giro ilun, malenkoniatsu, liturgiko, solemne hori sortu dute, lantzean, zirrikitu estuetatik sartzen diren argi izpiez betetzen den giroa.

Amorante pandemiaren aurretik hasi zen diskoa ontzen, eta hasiera batean asmo hori ez bazuen ere, zazpi kantu hauek, modu batean edo bestean, kontzeptu bati josita ekarri ditu diskora. “Zazpi kantuotan heriotza ageri da, batzuetan gertakarien ondorio gisa, beste batzuetan dramaren eragile edota agertokiko teloia bailitzan”.

Kantak hitzetatik jaio direla dio musikariak. “Amorante martxan jarri nuenetik, hitzetatik abiatzea erabaki nuen, eta egiten dudan errepertorio ia dena horrela izan da”. Bizi ditugun garai ilunotarako soinu-banda posibleetako bat da disko hau. Asko dira ukitu dituen gaiak. Behin batian abestian esaterako, garai bateko erromerietan ere gertatuko ziren jazarpenak islatu ditu. “Bilintxen bertsoaren leloa erabili dut giltza bezala. Neska batek mutila akabatzen du guraize batzuk erabiliz”.

Frank da disko berriak jasotzen duen beste kantuetako bat, “tanatorioan dagoen ume baten sentipenak. Ez du ezer ulertzen, ez daki tristura den sentitzen duena, ez daki benetan zer sentitu behar duen. Ihes egin nahi du handik!”.

John Cazale aktoreari ere omenaldia egin nahi izan dio musikariak, “hitzik gabeko kanta malenkoniatsua da. Cazale sei urtez soilik aritu zen aktore lanetan eta bost pelikuletan soilik, hartu zuen parte. Minbiziak eraman zuen bere talentu eta begirada malenkoniatsu eta tristea”. Amorantek lur azpiko hezurren artean bizi diren zizarei ere eskaini die abesti bat, Hezurgabeak izenpean.

Amorante Iban Urizarren (Elgoibar, 1975) izen artistikoa da, bakarka defendatzen duen musika jarduna. Musikari lotuta egindako ibilbide guztiaren motxilatik ateratako barne mundua. Tradizioari traizio pixka bat egitea zilegi dela mantentzen duen musikaria, tronpeta jotzailea eta kultura musikal ezberdinen maitale eta zalea. Musika ikasketa akademikoak ere eginak ditu. Tronpeta bidelagun, hainbat proiektutan hartu du parte, hainbat musikariren diskoetan zein zuzenekoetan jo du. Musika tresnari lotuta egon den tradizioa kontutan izanda, herri musikatik abiatu eta ertzetatik mugitu den musikaria da. Musika herrikoiak eta akademikoak erro berdina dutela uste duen musikaria da Amorante.

Zabaldu: