(argazkia: Tabakalera)

‘Audiogile Berriak’ deialdiaren bigarren edizioa martxan da

Urtarrilaren 10era arte egongo da zabalik deialdia. Aurrekoaren ildotik, aurten ere aurkezten diren lan guztietatik fikziozko hiru audio-gidoi proiektu garatuko dira, gidoi bilakatu arte.

EITBk eta Tabakalerak Audiogile Berriak deialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Egitasmoaren helburua euskarazko soinu fikzioa sustatzea da eta urtarrilaren 10era arte egongo da zabalik deialdia. Aurrekoaren ildotik, aurkezten diren lan guztietatik fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak (bideragarritasun eta kalitate aldetik) garatuko dira, gidoi bilakatu arte. Prozesu horretan, antolatzaileek nabarmendu dute, edizio berrian Jose A. Perez Lledoren eta Katixa Agirreren laguntza ere izango dutela banakako tutoretzen bidez.

Horietako bat EITBk ekoitzi eta zabalduko du. 2025eko maiatzaren amaieran emango du epaimahaiak erabaki horren berri. Aukeratutako proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.

Halaber, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian lanerako lekua izango dute hiru hilabetez, hiru proiektu finalisten egileek. Horrekin batera, 2.000 euroko diru-laguntza proiektuak garatzeko, Tabakaleraren kontura eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi izango dira. Azkenik, hautatutako gidoiaren egile edo egileen eta EITBren artean eskubideak lagatzeko nahitaezko kontratua formalizatuko da.

Audiogile Berriak egitasmoaren oinarriak eta informazio zabalagoa Tabakalera.eus eta eitb.eus webguneetan jarri dute eskuragai.

Zabaldu:

Utzi erantzuna