Proiektuak irailaren 30era arte bidali ahal izango dira. Irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du eta eleberria Elkar argitaletxearekin argitaratuko du.
Euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dute urtero Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak .
Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zen Agustin Zubikarai beka, baina 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, Joxean Agirreren Zwei Frauen (Bi emakume), Itxaso Araqueren Damutzen ez direnak, Garbiñe Ubedaren Hobe isilik, Garazi Kamioren Orube abandonatuak, Jasone Osororen 12etan bermuta, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil, Katixa Agirreren Amek ez dute, Xabier Etxeberriaren Berriro itzuliko balitz eta Eneko Barberenaren Afrikaners lanak saritu eta argitaratu dituzte bekarekin.
Parte hartzeko oinarriak
-Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
-Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.
-Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
- a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).
-Proiektuak, 2019ko irailaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: mrey@ondarroa.eus
-Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2019ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.
-Saria 6.000 eurokoa izango da.
-Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.
-Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
-Dirulaguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.
-Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
-Informazioa: 94 683 36 68 edo 943 31 02 67, mrey@ondarroa.eus, liburuak@elkar.eus