(argazkia: Artium Museoa)

Aura Satz artistaren ‘She Recalibrates’ erakusketa Gasteizko Artium Museoan ikusgai

Film, marrazki eta objektuen bidez, erakusketak musika elektronikoaren sorkuntzan aitzindari izan diren egileak ditu ardatz. Z aretoan egongo da ikusgai martxoaren 27ra arte.

Gasteizko Artium Museoak Aura Satz artistaren She Recalibrates erakusketa aurkeztu du Z aretoa-ren programaren barruan. Film, marrazki eta objektuen bidez, erakusketak musika elektronikoaren sorkuntzan aitzindari izan den egile talde baten irudia du ardatz, horien artean Daphne Oram, Laurie Spiegel eta Beatriz Ferreyra. Gasteizko Museoak, gainera, liburuxka bat argitaratu du Jo Huttonen eta Xabier Erkiziaren testuekin. Z aretoa programaren bidez, lurralde zinematografikora jauzi egiten duten artisten eta erakusketa formatua aztertzen duten zinemagileen lanak ezagutarazi nahi dira, Garbiñe Ortegaren komisariotzapean.

Orami, Spiegeli eta Ferreyrari eskainitako filmez gain, artistak paper beltzaren gainean egindako hamabost marrazki aurkeztu ditu, eta horien izenburuetan hainbat egileren izenak agertzen dira: Pauline Oliveros, Wendy Carlos, Delia Derbyshire, Eliane Radigue, Else Marie Pade, Maryanne Amacher, Tara Rodgers, Suzux Coulbe edo Micheline Coulombe Saint Marcoux. Erakusketari izena ematen dion sail honetako marrazki bakoitzaren gainean, Satzek lente lentikular bat jarri du.

Bestalde, erakusketan hainbat beira-arasa daude, sortzaile horietako batzuekin lotutako objektuak dituztenak: argazkiak (batean, adibidez, Daphne Oram ageri da 35 mm-ko film gardeneko zerrendak margotzen, Oramics Machine izenekoetan erabiltzeko), liburuak, partiturak eta diskoak, besteak beste.

Hauek dira Z aretoko proiekzio eremuan ikusi ahal izango diren filmak: Oramics, Atlantis Anew (2011), Little Doorways to Paths Not Yet Taken (2016) eta Hacer una diagonal con la música (2019).

Aura Satzek bere lanean zinema, soinua, performancea eta eskultura uztartzen ditu. Haren lana bentrilokuismoaren ideian oinarritzen da ahotsaren nozio partekatu eta hedatua kontzeptualizatzeko, eta elkarrizketaren bidez egin da, elkarrizketa metodo eta subjektu gisa erabiliz. Ondoko erakundeetan egin ditu performanceak eta erakusketak: Tate Modern (2012), BFI Southbank (2012), the New York Film Festival (2013), Tate Britain (2014), Whitechapel Gallery (2016), NTT InterCommunication Center, Tokyo (2017), SFMOMA, San Francisco (2017/18/19), the Rotterdam Film Festival (2013-20) eta MoMA NY (2020).

Zabaldu: