(argazkia: Alberdania)

‘Aurkituko zaitut’ eta ‘Pitzatuta gaude denok’ Erria Txikota! gaztetxoentzako bildumaren lehen bi aleak kalean

Alberdania argitaletxea aspaldian ari zen irakurle gaztetxoentzako eleberri sorta bat sortzeko ideiaren inguruan lanean, Teresa Caloren Aurkituko zaitut eta Amaia Telleriaren Pitzatuta gaude denok! dira, hain zuzen ere, bide horretan jarri dituen lehen bi harlauzak.

Erria Txikota! izenburua jarri diote Alberdania argitaletxeko arduradunek jaio berri den bildumari, esapideak ederki biltzen duelako, haien ustez, sail berriaren irakurleen adin eta bizipenei estu-estu lotzen zaien nahia edo borondatea: “12 eta 14 urte bitarteko gazteak orduantxe ari dira, Serraten kanta ospetsu batek zioenez haurtzaroaren lozorroa atzean uzten, helduen unibertsoan oin propioez bidea egiten hasteko”, kontatu du Mitxel Murua itzultzaile eta Alberdaniako kolaboratzaileak, eta, marinelen hizkeratik ateratako Erria Txikota! lokuzioak, hain zuzen ere, haurraren munduarekiko azken loturak askatzeko dei bat da.

Jorge Gimenez Bech editorearen arabera, “sail berriaren planteamenduan bat datoz izena eta izana: 12 eta 14 urte bitarteko gazteek bizi duten errealitatetik abiatuta, haien mundua moldatzen duten osagai, bizipen eta gertaerak jasotzen dituzten historia biziak eta guztiz egiantzekoak eskaintzea, eleberri labur moduan, eta adin horretako protagonisten inguruan josiak. Saila osatuko duten kontakizunetan, beraz, gaztetxoek bizi dituzten pasadizo, arrisku, aurkikuntza, poz eta nahigabeak izango dira lehengai nagusia”.

Osagai nagusi horien artean, bat azpimarratu dute, aho batez, argitaletxearen arduradunek eta egileek: adiskidetasuna. “Izan ere ba ote da ezer adiskidetasuna baino garrantzitsuagorik? Oso gauza gutxi, eta nerabezaroan, batere ez”, gogoeta egin du Calok.

Idazleak antzerkirako idatzi du gehienbat bere ibilbide luzean, eta bilduma berrirako Aurkituko zaitut kontakizuna idatzi du, Mitxel Muruak euskaratu duena. Familia barruko haserrealdi batetik abiatzen da eleberria: Eider protagonista nagusiaren ama haserre dago alabarekin, honek nota txarrak atera dituelako, eta zigorra jarri dio: udalekura joan beharrean, berarekin igaro beharko du uda neskatoak, herri txiki batean daukaten etxean. Herri horretan, Eiderren lagunik handiena bizi da, Blanca, neska arduratsua, ikasle ona eta lagun ezin hobea. Uda horretan, ordea, arraro dago Blanca. Lagun guztiengandik ihesi dabil, eta Eiderri ere ez dio kasurik egiten.

“Gure protagonistak ez du ulertzen bere lagun minaren jarrera. Kontua da, ordea, Blancak maitasuna ezagutu duela, baina nolako maitasuna ote da hori, lagunengandik urruntzen zaituena? Zerbait dabil gaizki: Blanca sufritzen ari da, ezin duelako bere bizitzaren hain une garrantzitsuan Eider ondoan izan. Baina Eider eta bere lehengusuek arazoari heltzea erabaki dute, eta Blancari gertatzen zaiona sakon aztertuko dute, susmoa baitute arrisku handiko zerbaitetan dabilela…”, gaineratu du Calok.

Eleberriak, trama nagusi horren barruan, Internetek ezkutatzen dituen arriskuen gaia ere jorratzen du, eta neska-mutilen arteko adiskidetasunarena edo ama-alabaren arteko harremanen zailtasunena ere.

Pitzatuta gaude denok! eleberria

Amaia Telleria idazleak, bere aldetik, Pitzatuta gaude denok! eleberriaren abiapuntua azaldu du, “Joneren ama oso kezkatuta dago alabak mugikorrean jaso dituen mezu baztertzaileak direla-eta. Hurrengo ikasturteari begira zer egin pentsatzen duen bitartean, kostaldean bizi den ahizpari eskatuko dio alaba nerabea etxean har dezan, surf-udalekuetara joateko aitzakian. Bere lehengusina Eurirekin igaroko du Jonek uztaila. Euri Jonek izan nahi lukeen guztia da: polita, jatorra, alaia, nortasun handikoa… Egunak aurrera doazen heinean, ordea, Jone konturatuko da gauzak ez direla beti diruditena, ezta Euri bera ere”.

Adiskidetasuna eta lagun arteko harremanak ditu ardatz eleberriak: horien arteko gorabeherak, onespen-nahia, kuadrilla edo lagun taldeen idatzi gabeko arauak… Horrez gain, egunerokotasunean normalizatuta dauden zenbait jarrera matxista agertuko dira kontakizunean, eta nesken sexualitateari dagozkion gaiak ere, hala nola hilekoa edo masturbazioa, eta gurasoekiko harremanak edota bideo-jokoekiko adikzioa.

Zabaldu: