(argazkia: Laida Aranburu)

Skasti taldeak bira batekin emango dio amaiera hamasei urteko ibilbideari

Zarauztarrek sare sozialen bidez azaldu dutenez, “ezer ez da betiko eta ibilbide ezin oparoago honen azkenean, proiektua agortuta dagoela sentitu dugu; beraz, koherentziagatik eta batez ere zuei dizuegun errespetuagatik, ahalik eta amaiera ederrena eman nahi diogu honi guztiari”.

Hamasei urteko ibilbidearen ostean, agur esatea erabaki du Skasti taldeak. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez eman du ezagutzera erabakia: “Mezu honen bitartez jakinarazi nahi dizuegu Skastiren ibilbidearen amaiera datorrela. Bizitza erdia daramagu taldearekin, hamasei urte, alajaina!, eta denbora horretan dozenaka pertsona maitagarri eta bazter liluragarri ezagutu ditugu, bestela ezagutuko ez genituzkeenak”.

Orotara, lau disko kaleratu ditu zortzikote zarauztarrak: New Age (2013), Elkar Estudioa Sesioak (2014), Maskarak (2015) eta Ye (2018). Horrez gain, Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuten, eta Zarauzko Gure Esku Dago herri ekimenari doinua jarri zion Olatua badator! abestia konposatu zuten.

Taldeak azaldu duenez, “ezer ez da betiko eta ibilbide ezin oparoago honen azkenean, proiektua agortuta dagoela sentitu dugu; beraz, koherentziagatik eta batez ere zuei dizuegun errespetuagatik, ahalik eta amaiera ederrena eman nahi diogu honi guztiari”.

Horretarako, azken bi abesti sortu dituzte, eta agur-bira prestatzeko saioei ekingo diete laster 2022ko udazkenean amaituko da bira hori.

Zer gertatu zaigu da Skasti taldeak zabalduko dituen bi abestietako bat. Zortzikotearen ibilbidean zehar grabatutako irudiekin osatu dute kanta horren bideoklipa.

Zabaldu: