(argazkia: Alberdania)

‘Aurpegiak’, benetakotasuna bilatzeari buruzko eleberria ondu du Amaia Telleriak

Lili da istorio honetako protagonista. Familiarekin herri txiki batera bizitzera joan da. Gazteak aurre egin beharko dio bere bizitza ingurune ezezagun batean berreraikitzeko erronkari. Institutu berrira egokitzen eta lagun berriak egiten saiatzen da.

Amaia Telleria idazleak aspalditik zeukan kezka bat buruan bueltaka, “sare sozialetan gehienetan erakusten den irudia itxura perfektukoa da, zoriontsua, edertasun kanonen barrukoa. Baita horretarako itxurakeriatan ibili behar bada ere. Eta besteen irudi perfektuak ikustean, are behar handiagoa sentitzen du norberak ere perfekzioaren bilaketari ekiteko. Gezur kate bat, ito gaitzakeena”. Hortik tiraka sortu zen Alberdania argitaletxearen eskutik orain argitaratu duen Aurpegiak eleberriaren ideia.

Egileari gaur egungo gazteak gezurren eskaparate horretan zenbat denbora igarotzen duten ikusita, garrantzitsua iruditzen zaio, “gutxienez, gaiaren inguruko kontzientzia hartzea, hausnartzea, eta helduok ere lan hori egitea, noski, ez baikara inmuneak”.

Lili da istorio honetako protagonista. Bere familia Izkiberrira joan da bizitzera, Gasteiztik gertu dagoen herri txiki batera. Gazteak aurre egin beharko dio bere bizitza ingurune ezezagun batean berreraikitzeko erronkari. Institutu berrira egokitzen eta lagun berriak egiten saiatzen da, baina hango biztanleen perfekzio fisikoak zur eta lur uzten du. Lilik berehala ezagutuko du itxura ideal horren atzean dagoen sekretua; appegiak, erabiltzaileei aurpegia eta gorputza iragazkien bidez aldatzeko aukera ematen dieten betaurrekoak.

Irudi berri baten desirak erakarrita, Lili betaurrekoen munduan murgilduko da, hala bere segurtasun ezak uxatuko dituelakoan. Nolanahi ere, laster konturatuko da benetako borroka ez dagoela itxuran, baizik eta gizarteak ezarritako presio estetikoetan. Lilik bere benetako nortasuna onartzen ikasiko du Izkiberrin, bai eta maitasuna ezagutuko ere.
Perfekzioarekin obsesionatuta dagoen mundu batean benetakotasuna bilatzeari buruzko istorio bat idatzi du Amaia Telleria Mujikak.

Telleriak saretik haragoko beste hizpide batzuk ere atera nahi izan ditu liburuan: “estetikaren presioa emakumeengan, itxura zaintzeko egiten ditugun hainbat tratamendu edo norberaren inkoherentziak. Ez baita erraza pentsatzen gure etikarekiko koherente jokatzea  beti. Esan bezala, gutxienez, gaiaz hitz egitea da helburua. Kontziente eta kritiko izatea. Gure kontraesanekin”.

Istorioa aurrera eramateko zientzia-fikzio ukitua duen giroa sortu nahi izan du idazleak, era berean, egunerokotasunetik oso gertu dagoena: “auzune pribatu bat, segurtasun eta neurri oso zorrotzak, puntako teknologia. Appegiak, tarteko. Errealitate birtuala erakusten diguten betaurrekoak. Eta jendea ikusteko modua aldatzen dutenak. Sare sozialetako argazkietan erabiltzen diren iragazkiak, muturrera eramanda. Gezurra aurpegietan, uneoro. Nola eragingo dio horrek auzora heldu berri den neska nerabeari? Lili da protagonista eta haren inguruan bilduko den neska-taldeak garrantzia handia izango du. Ahizpatasunari ere keinu egin nahi izan baitiot”, nabarmendu du Telleriak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna