Sari emate ekitaldia ekainaren 19an egingo da Eibarren.
Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, “aisia eta dibertimenduaren bidez” euskarari egin dion eta egiten dion ekarpen berritzaileagatik. “Euskararen normalizazioa, kulturaren deszentralizazioa, familia arteko aisialdia eta bertako talentuaren sustapena uztartzen ditu modu berritzaile eta atseginean”, nabarmendu du Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak eta modu horretan “euskal hizkuntzaz eta euskaraz sortutako kulturgintzaz gozatzeko parada eskaintzen die haur, gazte zein helduei”.
Abadia Saria Gure Zirkuari emateko garaian, “modu eredugarrian elkartasuna, sormena eta inklusioa” landu izana ere kontuan izan du Aldundiak. “Euskarazko zirku bakarra izanik, haurren garapena, komunitatearen kohesioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatu ohi ditu. Gainera, sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskaldunon komunitateari”, gehitu du Mendizabalek.
Iker Galartzak 2017an ireki zuen Gure Zirkua, Euskal Herrian sorturiko zirku ibiltaria, bertako langile eta artistek egiten dutena eta euskalduna. Geroztik, pixkanaka pixkanaka eta herriz herri, ibilbide oparoa egiten ari dira Euskal Herri osoan zehar, zirkuan parte hartzen duten artisten sormen lan ederrari esker.
Mendizabalek gogorarazi duenez, Euskaraldian gauden garai honetan “azpimarra jartzen ari gara euskara erabili eta erabilera hori gozagarri egitearen garrantzian. Hain zuzen ere, Gure Zirkuak horretarako espazio berria sortu du. Zirkuaren tradizioan ohikoak diren diziplina artistikoak gure hizkuntzara eta kulturara ekarri, gune berean batu, eta herritar eta belaunaldi anitzek elkarrekin euskaraz bizi eta sentitzeko ikuskizun gogoangarria sortu du. Horrekin, euskarari leiho eta muga berriak eskaini dizkio”.
Ruper Ordorikak eskuratu zuen iazko Abadia saria
25. edizioa izango du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Abadia Sariak. 1996tik, martxan jarri zenetik, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzen du. Mugarri horrekin bat, erakundeak aitormen horren garrantzi instituzionala areagotzeko erabakia hartu du, saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta aitortzari oihartzun handiagoa eskainiz.
Mende laurdena ospatzeko asmoz, gainera, programazio eta ekintza bereziak egingo ditu aurten Aldundiak, “euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin dezagun”. Hasteko, hilaren 31an, Hendaiako Abadia jauregian kontzertua eskainiko du Ruper Ordorikak, iaz Abadia Saria jaso ostean. Formatu txikiko kontzertu irekia izango da, baina beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapenak lortzea. Horretarako, gipuzkoa.eus/abadiasaria atarian izena eman daiteke.
Ekainaren 3an, berriz, Anton Abadiaren bizitza ibilbidea eta ekarpena gertuagotik ezagutzeko parada eskainiko dute Harkaitz Canok eta Badalab Hizkuntza Laborategiko zuzendari Goiatz Oiartzabalek, Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean grabatuko duten bideo-podcast saioan.
Aldi berean, Abadiaren biografiaren berrargitalpena eta itzulpena aurkeztuko du Foru Aldundiak, Elkar argitaletxearekin eta Euskal Hiri Elkargoarekin lankidetzan. Iñigo Sagarzazuk 1997an Anton Abadiaren inguruan argitaratutako Abbadie biografia euskarara eta frantsesera ere ekarri dute, aurretik gaztelaniaz soilik aurkitu zitekeen eta.
Iparraldeko Plazara kolektiboak, berriz, Anton Abadiari buruzko Escape-room erronka sortuko du eta Abadia jauregian bertan martxan jarriko du egun batez, Anton Abadia ezagutzeko aukera entretenigarri bat sortuz.
Azkenik, 2025eko Abadia Saria emateko ekitaldia ekainaren 19an egingo da Eibarren.