(argazkia: Durangoko Azoka)

Aurtengo Sormen Beka Marramiau taldearentzat

Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz izeneko animaziozko telesailaren proiektuarekin irabazi dute. Aurtengo deialdia, haurren eta familien ikuskizunei begirako sorkuntzan oinarritu da. 

Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbideren Marramiau Sorkuntza Taldeak irabazi du 2023ko Sormen Beka, Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz izeneko animaziozko telesailaren proiektuarekin. Argizagi animazio seriea bat da, 5-10 minutu inguruko 5-6 kapituluko iraupenekoa. Bertan, Izei lurtarraren abenturak ikusiko ditugu Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutzean. Hauek kontziente izan gabe urteak itxita egondako bi planeten artean bidaiatzea ahalbidetzen duen argi-zubi bat irekiko dute, galaxiaren ongizatea arriskuan jarriz.

Amaia Henneboutek (antzezlea), Ana Revueltak (Artaziak hezkuntza artistikorako ekimena), Josu Bergarak (sortzailea eta marketin aditua) eta Martxel Zubiak (Berbaro elkarteko kidea eta Saguganbarako arduraduna) osatu dute epaimahaia. Euren ustez, “euskarak eremu digitalean duen beharrari erantzuten dio egitasmoak, haurrei zuzendutako kalitatezko edukia plazaratuz”. Epaimahaiak proiektu transbertsala eta multidiziplinarra izatea nabarmendu du, eta eremu pedagogikoan ekarpena egin dezakeela ere bai. Hizkuntzaren eta balioen transmisioan izan dezakeen eragina bereziki azpimarratu dute epaimahaikideek.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak Sormen Bekaren balioa aipatu du. “Orain dela sei urte jarri genuen martxan Sormen Beka. Atopia, Kai Nakai, Bañolet, Barraka, Eukalyptus… literaturan, musikan, ikus-entzunezkoan, mundu digitalean eta arte eszenikoetan hasiberriak ziren sortzaileei lagundu diegu… hasierak gehienetan zailtasunez beteak izaten dira eta hor egon gara”. Saridunek urtebeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko, eta 2024ko Durangoko Azokan aurkeztuko dute emaitza.

Sortzaileek beka eman izana eskertu dute. “Lehenik eta behin, eskerrik asko Gerediaga eta Durangoko Azokari. Oso eskertuak gaude aukera hau eman digutelako, ez genuen espero. Gogotsu ginen haurrei zuzendutako animaziozko serie bat egiteko”, esan dute prentsaurrekoan. Marramiau taldekoen arabera, lehendik hasita zuten proiektua, hiruen interes artistikoak batzen dituelako: bikoizketa, irudia eta audioa. Gidoia idazteko fasean murgilduta daude orain, eta prozesua ilusioz bizi dutela azaldu dute.

Zabaldu: