(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Azaroaren 1ean abiatuko dira Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak

Herriye antzezlana eta herritarrak protagonista izango dituzte aurtengo topaketek.

Azaroaren 1ean abiatuko da Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen 40. edizioa. Urteurren borobil horretarako egitarau oparoa eta beste hainbat berrikuntza prestatu ditu Udalak, Kulturaz kooperatiba bidelagun duela. Indarberrituta eta garaira egokitzeko apustu sendoa egin da aurtengoan. Azken urteotako itxura aldaketari, sarerako saltoa gaineratu behar zaio aurtengoan. Hala, www.antzerkitopaketak.eus helbidean euskarazko wikipedian eta sare sozialetarako saltoa eman du ekimenak.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “hasiera indartsua eta herrikoia izango dute topaketek”. Herriye azpeitiar antzerki zaleek osatutako lana taularatuko da azaroaren 1etik 4ra bitartean, Sanagustin kulturgunean. Lau emanaldi izango dira guztira; egunean bat. Guztira, haur eta helduentzako hamaika antzezlan izango dira ikusgai; horietatik azaroaren 1etik 20ra bitartean; tartean, Herriye herri antzerkia, Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan eta Intxaurra lanak estreinatuko dira. Ostegunetik igandera bitarteko emanaldiez gain, azaroaren 14tik 16ra bitartean, eskola antzerkiaren baitan zazpi emanaldi izango dira herriko txikienen artean antzerkizaletasuna sustatzeko helburuz. Aurtengoan ere, Corrado Masacciren txontxongilo erakusketak ere ez du hutsik egingo eta azaroaren 1etik 15era bitartean izango da ikusgai Betharrametako udal erakusketa aretoan.

Nagore Alkorta alkateak Azpeitiko herriak euskarazko antzerkiaren alde egin duen apustua azpimarratu du bere hitzartzean: “Gaur, atzera begiratu nahi dut, lana eskertzeko. 40 urte hauen atzean lan asko dago, apustu sendo bat dago, eta antzerkigintzari emandako azpeitiar eta herritar izugarri daude. Eta antzerkizaletasun eta antzerkiarekiko maitasun handia dago”. Gaur egun, euskarazko antzerkigintza bultzatuz Euskal Antzerki Topaketak egitea apustu bat dela adierazi du eta “duela 40 urte hautu hori egiteko ausardia izan zuten haiek” eskertu nahi izan ditu, bereziki Imanol Elias.

Herritarren parte hartzea eta kultura eta antzerkigintzaren transmisioa izan ditu hizketagai Eneritz Albizu Kultura Batzordeburuak. Aipagarria da dagoeneko zeresana ematen ari den Herriye antzezlana. “Hasieratik herritarrak izan dira topaketa hauen protagonista eta antzezlan horren erakusle sinbolikoa eta praktikoa izango da. Gure herritarrek eta herritarrentzat eginiko antzezlana, arnas luzeko lana eskatu duena, eta herriko sortzaile talde handi batek ondu duena. Hori ere gerorako beharrezko osagaia izango da”, zehaztu du.

Oholtzak aipatzeaz gain, sormena eta transmisioaren garrantzia eta beharra eta “herri honen helburua kultura bere osotasunean sustatzea” dela gaineratu ditu. “Oholtzetatik abiatu ginen, sormena erdigunean jartzeko apustua egina dugu; eta, zirkulu hori osatzeko lanean ari gara, Kulturaz kooperatibarekin eta herriko eragileekin batera”. Ildo horretan topaketek ere egingo dute bere ekarpena. Dinamoko sormen egonaldietan garatutako obrak, ideiak eta sentimenduak ikastetxeetara helduko baitira, mediazio saioen bidez. Hala, gaztetxoenek jasoko dute kulturarekiko eta antzerkiarekiko maitasun hori, biharko egunean lekukoa har dezaten. Mediazio tailerretan parte hartuko dute Horman Poster Kolektiboak, Tripa Kolektiboak eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Emanaldi horien bidez antzerkizaletasuna sustatzeaz gain, gaurkotasuneko gaiak lantzeko bidea bilatzen da antzerkiaren bidez.

Izena eta izana indartzen

Heldutasunera iritsita, azken urteotan pixkanaka eman den aldaketaren baitan jauzia ere eman dute topaketek. Aurtengoan, sareratzeari eman zaio garrantzia eta horretan jarri dira indarra eta baliabideak. Hala, www.topaketak.eus webgunea abian dago jada. Bertan, topaketen inguruko informazioa, egitaraua eta sarrerak erosteko gunea aurki daitezke. Sare sozialetarako saltoa ere emango da gaurtik aurrera. Sarrerak bertatik erosteaz gain, aurrez aurre Sanagustin kulturgunean erosteko aukera ere izango da. Helduentzako sarrera 10 eurokoa izango da eta haurrena 5 eurokoa. Eta aurtengoan, emanaldi guztietarako balioko duen bonoa ere jarri da martxan. Bonoak 30 euroko prezioa du eta saio guztietara joateko aukera ematen du. Banoa dutenek, emanaldiaren aurretik sarrera eskuratu beharko dute.

Egitarauaren baitan, antzerki emanaldiez gain, beste hainbat ekimen ere prestatu dituzte. Alde batetik, bi horma-irudi egingo dira. Lehenengoa, dagoeneko ikusgai dago Soreasurako tunelean. Eta Bigarrena, Soreasu auzoan egingo dutela aurreratu dute. Bigarren horma-irudi horren aurkezpena, azaroaren 12an egingo den Topa ekimenaren baitan egingo dute. Egun hori orain arteko lana eskertzeko eta elkarrekin topa egiteko baliatu nahi dute antolatzaileek.

Eta, 40 urteen memoria ariketa irudiz laguntzeko Azpeitiko Argazki Elkarteak berain artxiboko irudiekin topaketen baitako argazki erakusketa jarriko dute Sanagustinen hiru astez.

Antzerki topaketak protagonisten hitzetan

Etenaren ostean, aurten eskola antzerkia berriro izango da martxan. Amezketako, Azpeitiko eta Errezilgo antzerki eskoletako artistek zazpi emanaldi eskainiko dituzte. “Gaztetxoak gaztetxoentzako egindako emanaldiak dira eta gu ere horrelaxe hasi ginen. Eskola antzerkia eta horrelako emanaldiak beharrezkoak dira harrobia sortzen jarraitzeko”, adierazi du Xanti Agirrezabala Azpeitiko Haur eta Nerabeen Antzerki taldeko irakasleak. Herriye antzezlaneko zuzendaria izanik, hori ere ez du utzi izan nahi aipatu gabe. Herritarrek egindako lanean jarri nahi izan du azpimarra: “Herri produkzioa izango da, antzezle, jantzitegi, komunikazio, argiztapen… lanetan azpeitiar askoren lana du atzetik. 40 urte hauek umoretik ospatzeko modu bat izango da. Belaunaldi berriak erakartzeko sare sozialak eta bestelakoak ere baditugu martxan”. Gurutze Eizagirre obrako kideak “azpeitiarra bazara etorri beharra daukazu”, azaldu du: “Bertan, udaletxeko lanpostu bat zozketatuko da herria zaintzeko. Beraz ezin duzu galdu”, gaineratu du umorez.

Mairu antzerki kolektiboaren Intxaurra obra Dinamoan egindako egonaldiaren emaitza da eta azaroaren 18an estreinatuko dute. Gaizka Sarasola Mairu antzerki tailerreko kideak euskararen bueltako ekimen batetik sortu zela beren taldea azaldu du eta oraingoan ere euskararen bueltako ekimen batean izan dutela aukera aipatu du: “Lanketarako eta gogoetarako ohi baino denbora eta baliabide gehiago izan ditugu eta plazera izan da Dinamoan egotea”, zehaztu du. Azpeitiko emanaldiaren ostean arnasguneetan, komunitatean, herriz herri, aurkezteko aukera izango dute eta gustura azaldu da: “Guk komunitateari begira, beraien kezketatik eta bizipenetatik egiten dugu lan eta erronka da herriz herri aurkeztu eta nola hartzen gaituzten ikustea”, zehaztu du.

Egitaraua osorik ikusteko, hemen.

Zabaldu: