(argazkia: Hatortxu Rock)

La Furia, Nøgen, Odei Barroso, Brigade Loco eta Skakeitan, besteak beste, Hatortxu Rock jaian

Abenduaren 17an egingo dute jaialdiaren 27. edizioa Atarrabian.

Hatortxu Rockek bere 27. edizioa antolatuko du abenduaren 17an, Atarrabian. Aurtengo leloa Gertu izango da eta gaur, oholtza gainean izango diren taldeak eta edizio honek dakartzan xehetasunak aurkeztu dituzte antolatzaileek. Diotenez, aurten ahalegin berezia egin nahi izan dute eta horren isla da gaur aurkeztu duten kartela. “Guztira 17 musika talde igoko dira oholtzara, horietako 9 lehen aldiz izanen dira Hatortxu Rocken. 27 edizio eta gero, 9 talde berri elkartasun jaialdi honetan. La Furia, Bulego, Angelus Apatrida, Merina Gris, Segismundo Toxicomano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Odei Barroso eta Raimundo el Canastero”.

Horiekin batera, agur doinuak ekarriko dituen Skakeitan taldea ere izango da Atarrabian. Gipuzkoarrek hau izango dute azken kontzertuetako bat, hamarkada bateko ibilbide oparoari amaiera jarri baino lehen. Kontrako bidean, El Trono de Judas nafarrak. Itzulera bira txiki baten parte, Hatortxun geldialdi bat eginen dute. Eta kartela borobiltzeko Mafalda, Nøgen, SA, Afu, Tremenda Jauria eta DJ Plan B. Azken hau izango da udako ediziotik errepikatuko duen bakarra.

Duela 23 urte, Hatortxu Rock bi helburu eta konpromiso batekin jaio zen. Helburuak, euskal preso politiko eta haien senideek pairatzen zuten dispertsio salatzea eta honek eragiten zituen gastu ekonomikoak arintzea. Konpromisoa, aldiz, errepresaliatu politikoen gaia behin-betiko konponduta egon arte lanean jarraitzea. Hau da, denak etxean eta aske egotea. “2022ko udazken honetan esan dezakegu 23 urte eta 26 edizio luze daramatzagula salaketa gero eta ozenago bat egiten eta, urtez urte, gure ekarpena egiten dispertsioak suposatu duen odol hustutze horren aurka. Eta aurrera egin dugu. Espetxeen mapa eta zerrenda luze hori desagertzen ari dira. Euskal preso politiko asko Euskal Herriko espetxeetan daude. Baina ez guztiak. Oraindik bada lanik”.

Helmugatik, baina hurbil daudela gaineratu dte antolakuntzako kideek. “Gertu ditugu eta helburutik gertu gaude. Gertu gaude, prest. Azken pauso hori emateko. Gertu ditugu, gertu gaude”.

Udako edizioan, pandemiak behartutako etena eta gero, pauso garrantzitsua eman zuten. “Aldarrikapen jaialdi bat berriz ere antolatu eta nola gainera! Indartsu atera ginen eta indar guzti horiek abenduko zitan jarriko ditu. Beti errepikatu dugu: Azkena izan dadila. Eta hau egi bihurtzea gertu dugu”.

Hala ere, oraindik, 178 euskal preso politiko daudela nabarmendu dute. Eta horietatik 44 espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan. “Zifra hauek behera doaz, baina, esan bezala, ez dugu behera egitea nahi, desagertzea nahi dugu. Oraindik, era berean, 24 erbesteratu eta 5 deportatu politiko dauzkagu. Denak nahi ditugu Euskal Herrian. Eta aske”.

Eta helburu horrekin bilduko dira, berriz ere, Atarrabian. Musika eta aldarrikapena 27. aldiz uztartzera. “Etxerako bidean salto handi berri bat ematera. Dispertsioak marraztu dituen bide guzti horiek ezabatzeko prest gaudelako. Gertu gaudelako”.

Abenduaren 17rako sarrerak dagoeneko salgai daude, www.hatortxurock.eus webgunean, 25 euroko prezioan.

Zabaldu: