Arte eszenikoen profesionalei zuzendutako ikastaroak eta master class bat ere antolatu dira 40. edizio honetan.
Txotxongilo eta objektu animatuak dantzan ikusiko ditugu beste behin ere Bilboko kaleetan zehar, azaroaren 20tik 28ra bitartean. Aurten 40. edizioa du Bilboko Nazioarteko Txotxongilo jaialdiak eta berrikuntzez beteta dator.
Horietako bat dugu jaialdiaren kokapen berria, izan ere, Bilboko BBK aretoa izango da gune nagusia eta bertan izango dira emanaldi gehienak eta baita jardueretako batzuk ere. La Fundicion aretoan ere publiko gazte eta helduari zuzendutako hiru emanaldi egingo dira.
Kultura hirigunetik ateratzeko xedez, Bilboko auzo eta inguruko herrietan emanaldiak eta ekintzak ere egingo dira: Otxarkoaga, Errekalde, Basurtu-Zorrotza eta San Frantzisko auzoetan eta Lezama, Larrabetzu, Areatza eta Arrigorriagan.
Aurtengo edizioan hainbat diziplina uztartuko dira: “Dantza eta antzerkia uztartuta, objektu arkitektonikoak memoria inspiratzaile gisa edota musikaren bidez mezu positiboak eta sentiberak helarazten dituzten istorioak ezagutuko ditugu”, aurreratu du antolakuntzak.
Euskal Herriko eta kanpoko bederatzi konpainia izango dira aurtengo edizioan: Euskal Herrikoak, Estatu espainiarrekoak, Greziakoak eta Israelgoak, besteak beste.
Estilo eta jatorri ugaritako sortzaileen lana Bilboko eta Bizkaiko publikoari gerturatzea izango da asmoa. Hiru ikuskizun gaztelaniaz izango dira, bi euskaraz, bat ingelesez eta hizkuntza bat baino gehiago batzen ditu beste batek. Hitzik gabeko hiru saio ere bildu ditu egitarauak.
BBK aretoko goizak ere gaztetxoz beteko dira, eskola emanaldiak egingo baitira bertan. “Guretzat egundoko garrantzia duten emanaldiak dira, beraiek baitira gure etorkizuneko ikusleak”, adierazi dute antolatzaileek.
Bestetik, arte eszenikoen profesionalei zuzendutako ikastaroak eta master class bat antolatu dira edizio honetarako.
Aurtengo edizioaren beste berrikuntzetako bat Otxarkoagako egoitza berria da: “Txotena Zentroa. Arte eszenikoetako zenbait elkartek partekatzen dugun espazioa da honakoa, komunitatea sortzeko asmoarekin jaio da, baina baita Otxarkoaga auzoan kohesio sozialerako tresna izateko ere. Arte eszenikoen sortzaileek euren sortze prozesuetarako espazio bat izan dezaten, baina auzokideen jarduerentzat baliagarria izan dadin ere, antzerkia hobekuntza soziala eta aldaketarako tresnatzat jotzen baitugu”.
Txotena Zentroaren ekimenetako bat Hari Morea espazioa da, txotxongilo eta objektu antzerkiaren emakume sortzaileei ikusgaitasuna ematea xedea duen taldea, alegia.
Egitaraua, hemen.