Jaialdiarekin batera, antzezle, txotxongilolari eta arte eszenikoen sortzaileei zuzendutako Nazioarteko Formakuntza zikloa antolatu dute.
Txotxongilo eta objektu animatuak dantzan ikusiko ditugu beste behin ere Bilboko kaleetan zehar, azaroaren 21etik 29ra. Aurten 39. edizioa du Bilboko Nazioarteko Txotxongilo jaialdiak eta tokiko txotxongilo ekoizpen artistikoaren erakusleihoa izan nahi du.
Emanaldi gehienak Campos Eliseos antzokiko Kupula aretoan izango dira, baina kultura hirigunetik ateratzeko xedez, Bilboko auzo eta inguruko herrietan emanaldiak eta ekintzak ere egingo dira: Otxarkoagan, Deustuan, San Frantziskon, Arrigorriagan, Larrabetzun eta Txorierrin.
Jaialdiarekin batera, antolatzaileek antzezle, txotxongilolari eta arte eszenikoen sortzaileei zuzendutako Nazioarteko Formakuntza zikloa antolatu dute. Ziklo hau 39. Bilboko Nazioarteko Txotxongilo jaialdiko ekintza paraleloen baitan dago eta azaroaren 19tik 22ra, azaroaren 24tik 28ra eta azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo dira.
“Proposamen honen funtzezko motibazioa Euskal Herriko arte eszenikoen sektorearen behar bati erantzutea da, txotxongilo eta objektuen dramaturgia modernoaren teknika eta metodologia prestakuntza-curriculumerako osagarria izan daitekeelakoan. Uste dugu alderdi hori falta dela euskal aktorearen prestakuntza-profilean eta aktore-dramaturgiako baliabideetan”, adierazi dute antolatzaileek. Halaber, antolatzaileen arabera, “formakuntza pizgarria izan daiteke maila profesionalean, txotxongilo eta objektuen antzerkiak arte eszenikoei eskaintzen dizkien aukerak eta abantailez ohartzeko. Euskal Herriari dagokionez, honen presentzia minimoa da eta ekoizpen kalitatea hobetu daitekeelakoan gaude”, nabarmendu dute.
Ikastaroetan izena emateko eta informazio gehiagorako: info@bilbaotxfest.org, festival.titeres.bilbao@gmail.com eta 685 753 979 / 688 611 614.