Programatzaileek hilaren 21era arte izango dute izena emateko aukera, durangokoazoka.eus webgunean.
Zazpigarren urtez Durangoko Azokak DA! PRO sortzaile eta programatzaileen arteko topagune profesionala antolatuko du azaroaren 25ean eta 26an. Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko elkargunea izango da. Bertan, aurrez aurre ezagutzeko aukera izango dute, etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko asmoz.
Antolatzaileek topaketan parte hartuko duten sortzaileen hautaketa egin berri dute. Hamazortzi izango dira guztira: zortzi familia-ikuskizun eta hamar musika proiektu. Orain azaroaren 21era arte programatzaileek izango dute izena emateko aukera,durangokoazoka.eus webguneko izen-emateen atalean.
Hala, euskaraz jarduten duten sortzaileek euren proposamenak aurkezteko aukera izango dute topaketa honetan. Aurrean, berriz, haien azalpenak ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programatu behar izaten dituzten kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jai antolatzaileak egongo dira. Zuzeneko hartu-eman horren bidez helburu bi lortu nahi dira topaketarekin: “kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea”.
Izan ere, “Durangoko Azokak bere burua Kulturaren Jaialdi gisa aldarrikatzen duen heinean, ezinbestekotzat jotzen du bere jarduna Azokako egunetatik harago hedatzea eta, batez ere, Azoka bera tokian tokiko kultur garapenerako baliagarria izatea”, adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kide eta Durangoko Azokako Koordinatzaileak. Hala, “DA! PRO kultura gizarteari bueltan emateko eta euskara indartzeko bide bat ere izan daiteke. Hain zuzen, kultura herritarrengana ailegatzeko lan garrantzitsua egiten dute programatzaile eta teknikariek eta, horregatik, gaurko deialdi hau haiei zuzenduta dago”, argudiatu du. Modu horretan, 21era bitartean, DA! PRO topaketan izena emateko aukera izango dute.
Jasotako proposamenak bi katalogotan txertatu eta programatzaileen esku utziko dira. Musikaren inguruko topaketa Musika Bulegoak antolatuko du, eta familia ikuskizunen arlokoa Berbaro elkarteak.
Familia ikuskizunak
Familia ikuskizunen DA! PRO azaroaren 25ean egingo da, goizeko 9:00etatik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan. “Bertara hurbiltzen diren programatzaileek sortzaileak eta euren proposamenak gertutik ezagutzeko aukera izateaz gain, galderak egiteko tartea eta katalogoa jasotzeko aukera izango dute”, azaldu du Itxasne Arabiourrutia Berbaro elkarteko kideak.
Aurten, zortzi proposamen artistiko aurkeztuko dira, eta gehienak adin tarte guztietara irekita daude. Dantza, antzerkia, musika, bertsoak eta bestelakoak. Orokorrean formatu anitzak uztartzen dituzte, eta ikuskizun hauek liburutegi, kultura areto eta jaietarako moldagarriak dira. “Proposamenak oso interesgarriak dira, eta programatzaile guztiei topaketa honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu. Aukera paregabea izango dute sortzaileekin zuzenean egoteko, euren proposamenak gertutik ikusteko eta etorkizuneko lankidetza aukerak esploratzeko”, gehitu du Arabiourrutiak.
Musika proiektuak
Hilaren 26an musika proiektuen txanda izango da, Plateruena aretoan. “DA PRO MUSIKA, sortzaile eta programatzaileen arteko topagune gisa, ezinbesteko tresna bihurtu da gure musika sektorearentzat. Gerediaga Elkartearekin dugun lankidetzak aukera ematen digu Azoka erreferentziazko plataforma izaten jarraitzeko, baita musika berriei ikusgarritasuna emateko ere”, azpimarratu du Maddi Arana Musika Bulegoko kudeatzaileak.
Hainbat proposamen jaso dituzte aurtengo edizioan parte hartzeko, eta horietatik hamar aukeratu dituzte antolatzaileek: Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Maialen Ibarra, Uxue Kerejeta, Euskal Barrok Ensemble eta Maider.
Azkenik, 2026an MusikaGaz Fest jaialdiaren laugarren edizioa antolatuko du Zornotzako Udalak, eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenekin osatuko du. Beraz, hilaren 26ko aurkezpenean parte hartuko duten musikariek hautaketa horretan egoteko aukera izango dute.