(argazkia: Durangoko Azoka)

Azaroaren 28an eta 29an egingo da DA! PRO, sortzaileentzako topagune profesionala, Durangon

Izena emateko epea irekita dago sortzaile eta profesionalentzat. Artistek urriaren 31ra arte izango dute epea, eta programatzaileen kasuan azaroaren 27ra arte luzatuko da. Izen emateak www.durangokoazoka.eus webgunean egin beharko dira.

Bosgarren urtez Durangoko Azokak DA! PRO sortzaile eta programatzaileen arteko topagune profesionala antolatuko du. Aurten egitasmo hau azaroaren 28an eta 29an antolatuko da Durangoko bi espaziotan: Bizenta Mogel bibliotekan eta Plateruenan. Bertan parte hartzeko inskripzioa martxan dago www.durangokoazoka.eus webgunean; sortzaileek urriaren 31ra arteko epea dute, eta programatzaileek azaroaren 27ra artekoa.

A! PRO topaketan, sortzaileek euren lanak erakutsi ahalko dituzte sektoreko programatzaileen, teknikarien eta bestelako profesionalen aurrean. Aurkezpenak euskaraz izango dira. Azaroaren 28an, familia ikuskizunen proposamenak plazaratuko dituzte Bizenta Mogel udal bibliotekan; biblioteka bera eta Berbaro euskara elkartea ekintza horren laguntzaile dira. Hilaren 29an, berriz, musikarien txanda izango da, Musika Bulegoarekin batera antolaturiko ekimenean, eta kasu honetan Plateruena kultur aterpean. Bi jardunaldiak 09:00etatik 14:00etara izango dira. Topaketari esker, urtean zehar Euskal Herriko kultur aretoetan ekintzak prestatzen dituzten programatzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte sortzaileen lanak.

Gainera, topaketan izena emango duten sortzaileen proposamenak katalogo banatan -musika eta familia ikuskizunak- jasoko dira. Katalogo hori teknikarien eta programatzaileen eskura ipiniko da eta urtean zehar kontratazioak egiteko erabilgarri izango dute. Topaketara etorri ezin duten programatzaileek, izena emanez gero katalogoa jasoko dute.

Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak MusikaGaz Fest jaialdia antolatuko du urtarrilean eta, nobedade modura, nabarmentzekoa da kontzerturako zenbait talde DA! PRO topaketan parte hartuko duten musikarien artean hautatuko dituela.

Zabaldu: