La Cuerda Teatroren ‘Euli dantza’

‘Belarri prest’, ‘Euli dantza’, ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’, ‘Memoria’ eta ‘Intxaurra’ taularatuko dituzte Iruñeko Antzerki Aroan

Antzerki zikloa urriaren 25etik azaroaren 22ra egingo da. Sarrerak salgai daude jada.

Antzerki Aroaren beste edizio bati emango diote hasiera urriaren 25ean, Iruñean. Orotara bost antzezlan taularatuko dira azaroaren 22ra bitartean eta berritasun gisa, zikloa aurkezteko emanaldi berezi bat egingo da, helduentzako ikastetxeetako euskara ikasleei zuzendua. Antzezlanak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, arratsaldeko 19:00etan, eta sarrerak 8 euroan jarri dituzte salgai www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean eta NAEko txarteldegian.

Zikloa Amaia Bonoren Belarri prest antzezlanarekin abiatuko da urriaren 25ean (asteazkena), 19:00etan. euskara ikasleentzako emanaldia izango da honakoa. “Proiektu hau ikasketa prozesu bat da: identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografia… Hori guztia euskaldun-berrien kontakizunetik eta hizkuntzaren azterketatik abiatuta”. Bono da antzezlan horren kontzeptuaren eta interpretazioaren arduraduna, eta Idoia Zabaletak lagundu dio mentoretzan eta kanpoko begiradan. Laura Gonzalez de Durana, berriz, proiekzioekin aritu da.

Urriaren 27an, ostirala, herritarrei, oro har, zuzendutako emankizunak hasiko dira, Metrokoadroka kolektiboaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlanarekin, hain zuzen. Sitcom delakoaren eta poesia bisualaren artean kokatzen den lan bat da. Hiru lagun beren ekintzen bidez azaleratzen joango dira zer ezkutatzen den beren irri faltsuen azpian. Hori oinarri hartuta, galdera, kontraesan eta umorezko une ugarik ezusteko bidaia eszenikoa sortuko dute. Hala, Marina Suarez de Ortiz Zarate eta Oier Guillanen gidaritzapean Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran aktoreak ikusiko ditugu taula gainean.

Azaroaren 8an, Itziar Maneroren Memoria antzezlanaren txanda izango da. Izenburuak berak dion bezala, memoriari eta haren galerari buruzko antzezlana da; amona baten memoria erregistratzeko saiakera bat, denboraren eta gaixotasunaren aurkako lasterketa batean. Memoria amona baten eta biloba baten arteko topaketa bat ere bada. Elkarri galderak egiteko, elkar ezagutzeko, zaintzeko eta agur esateko ahalegin bat, amonaren oroitzapenak desagertu baino lehen. Manero bera da antzezlan honen zuzendaria, interpretea eta ekoizlea.

Astebete beranduago, azaroaren 15ean, Mairu Antzerki Taldeak Intxaurra obra taularatuko du. Terexa gaixorik dago, baina ez dago arduratuta bere osasun egoeragatik. Etxe ondoko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza du. Onddoren batek kalte egin dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzti erortzen dira lurrera. Protagonistak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituzten baldintzek eta ekosistemak guregan duten eragina azaleratzea da antzezlanaren asmoa. Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta Gaizka Sarasola dira protagonistak.

Zikloari amaiera emateko, azaroaren 22an La Cuerda Teatrok Euli dantza komedia beltza eskainiko du. Honekin gaur egungo une bati buruzko gogoeta egin nahi da, non batzuetan komunitatearen kontzeptua agendetan hainbeste notaren artean lausotzen den, eta non ez den erraza besteen konpromisorako eta zaintzarako tartea bilatzea. Bizilagunen komunitate batean emakume zahar baten gorpua topatu dute, hil zenetik astebete igaro ondoren. Auzotarretako bat bereziki hunkitua dago, eta auzotarren bilera bat antolatzea erabaki du, beilaldi gisa. Ustekabeko eta nahigabeko bilera, baina batzuek eta besteek bertan egon behar dute. Maider Lecumberri, testuaren egilea ere badena, eta Maitane Perez dira Getari Etxegaraik zuzendutako obra honen protagonistak.

Zabaldu: