(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du euskalgintzak

Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskalduna jauregitik eta Bilboko udaletxean izango da amaiera ekitaldia. Azken urteetan euskararen alde egin den manifestazio jendetsuena izango dela aurreikusi dute deitzaileek.

Hizkuntzen Europako egunarekin bat eginez,, euskalgintzako erakunde nagusietako ordezkariak Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean elkartu dira, azaroaren 4an bertatik abiatuko den manifestazioari buruzko xehetasunak emateko.

Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Euskaldunatik, eta Bilboko udaletxean egingo da amaiera-ekitaldia. Azken urteetan euskararen alde egin den manifestazio jendetsuena izango dela aurreikusi dute deitzaileek, eta Bilboko kaleak betetzera eta tokian toki mobilizatzera deitu dute.

Oldarraldiaren aurrean erantzun bateratua

Joan den maiatzaren 10ean EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian egin zuten bezala, euskararen normalizazioaren kontrako epai sortarekiko desadostasuna agertu dute gaur Bilbora hurbildu direnek. Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza “zailegia” dela argudiatu zuen Laudioko sententzia gogoratu dituzte, besteak beste. Eta, agerraldi hartan azpimarratu zen bezala, euskararen aurkako oldarraldia salatzeko asmoz azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu dute.

Halaber, uztailaren 6an oldarraldiak beste kosta bat gora egin zuela azaldu dute: Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuz. “Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori, Udal Legea gehiengo zabalez onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengo zabal-zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak”, adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Konstituzio Auzitegiaren sententziari emandako erantzuna ere zabala izan zela gogorarazi du: 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren uztailaren 13an EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, alkate makila eta uztaiak eskutan, tartean, hiriburu eta hiri nagusienetakoak, epaia salatzeko eta kezka larria adierazteko.

Egoeraren larritasuna aintzat harturik, euskaltzaleei, eta, orokorrean, hizkuntza-berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar guztiei datorren azaroaren 4an balio horien denen defentsan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete.

“Orain, maiatzaren 10ean egindako deialdia berritzera gatoz, eta manifestazioaren nondik norako eta xehetasunak azaltzera. Maiatzaren 10ean lelo zehatz bat gabe aurkeztu genuen ekimena, hain zuzen ere, ekimen honek euskaltzale denok eta hizkuntz berdintasunean sinesten dugun guztiok geure egiteko moduko goiburua behar zuela iritzita prozesu ireki moduan planteatu genuelako, eragileen ekarpenak jasotzeko prest”, azaldu du Eskisabelek. “Horren emaitza da gaur hona dakargun leloa: Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat”.

Euskararekin bat horretan adierazi nahi izan dute oldarraldi eta olatu erreakzionarioen gainetik euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko eta sakontzeko unea dela. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko euskararen aldeko hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko garaia dela. Eta horretarako, “euskaltzale guztiok, eta, oro har, hizkuntza berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan sinesten dugun guztiok noranzko bateratuan aritzea ezinbestekoa dela” esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskaraz bat horren bidez euskara gizarte kohesiorako tresna dela adierazi nahi dute. Eskisabelen hitzetan: “Euskara guztiona dela eta guztiontzako izan behar duela. Oldarraldi judizialaren baitako epaietan konstante bat da euskara segregaziorako, bazterketarako tresna dela adierazten dutela. Bereizketa sortzen duela. Guk, ordea, sinesten dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela. Balio horiei denei bultzada eman nahi dieten herritarrei zabaltzen diegu datorren azaroaren 4an hemen gurekin izateko deia”.

Tokian toki mobilizatzeko dei zabala

Manifestaziora etortzeko deia ez ezik, honen bultzadan parte hartzeko deia egin dute norbanako zein eragile sozial eta politikoei. Izan ere, Eskisabelen iritziz, “guztion indarrak beharko dira oldarraldiari hesia jartzeko, olatu erreakzionarioari aurre egiteko. Guztion bultzada, euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak, herritar eskubideak, egikaritzeko, eta, horrenbestez, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko”.

Hortaz, euskalgintzak dei zabala egin die euskararen alde dauden Euskal Herri osoko gizarte eragile, mugimendu eta norbanako guztiei azaroaren 4ko manifestaziora deitzeko tokian toki mobilizatu daitezen, herri eta auzoetan ekimenak antolatuz, informazioa banatuz, edota hurbileko zein ez hain hurbileko jendeari manifestazioaren berri emanez.

“Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko eta euskararen aldeko olatu berri bat sortzeko, euskalgintza osoaren ekarpenaz gain, laguntzeko prest dauden pertsona eta talde guztien babesa beharko da. Babesa, eta ekimena. Horregatik dei egiten diegu euskaltzale guztiei, tokian toki, noranzko honetan beren ekarpena egitera; bakoitzak bere egiteko modu eta ahalmenaren arabera, manifestazio honen parte izatera”, adierazi du.

Halaber, bertaratutakoek alderdi politiko eta sindikatuei ere dei egin diete manifestazioarekin bat egitera, eta egoki ikusten duten modu eta formatuan, euren afiliazio eta oinarri sozialei azaroaren 4an Bilbora etortzearen garrantzia azaltzera.

Zabaldu: