Azaroaren 5ean abiatuko da 30. Bertsoaroa zikloa Iruñean

Bertsolaritza Iruñean sustatzeko asmoz, zazpi emanaldi izango dira, bertsolaritzaren aniztasunaren erakusgarri. Pandemiaren eraginez, edukiera mugatuetan egingo dira saioak, osasun prebentziorako neurri guztiak beteta.

Nafarroako Bertsozale elkarteak aurtengo Bertsoaroa aukeztu du. “1991an abiatu zen bideari urrats berri bat jarriko zaio aurki, 30.ena hain zuzen ere”. Izan ere, pandemiak pandemia, zikloa antolatzeko apustuari heldu diote aurten ere Iruñeko Udalak eta Bertsozalek elkarlanean. Bertsolaritza hirian sustatu eta bere aniztasunan erakusteko xedez, zazpi saio antolatu dituzte, azaroaren 5ean hasi eta hil horren 26ra arte.

Urtero bezala, bertso jaialdiek eta bestelako emanaldiek osatuko dute egitaraua. Oholtza gainean izango dira 1991ko lehen edizio hartan kantuan aritutako bi bertsolari, gaur egungo bi nafar bertsolari gazterekin batera, ordukoaz eta oraingoaz elkarrizketan. Gaiak jartzen, bestalde, jaialdi hartan aritu zen Mikel Taberna eta azken urteetako Bertsoaroan hainbatetan ibilitako Alaitz Rekondo arituko dira. Lau eskutara diseinatu dute saioa.

Azaroaren 10ean, berriz, Koplariak koplari izeneko hitzaldi musikatua eskainiko dute Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek. Amurizak azken hamarkadetan bildu eta sortutako koplak hartuko ditu oinarri, entzulegoari koplek herri musikan izan duten eragina azaltzeko. Agus Barandiaranek (Korrontzi taldea) trikitiarekin lagunduko du kontakizuna.

Hurrengo egunean, azaroak 11, gazteen bertso saioa izango da. Bertsoaroan ohiko zita da gazteena, eta aurten ere, bertsolaritzaren belaunaldi berriak bultzatzeko apustuari eutsiko dio zikloak. Ildo horretan, Katakrak-en lehorreratuko da lehenengo aldiz Bertsoaroa, bertsolari zein entzule gazteei espazio atsegin eta gertukoa eskaintzeko asmoz.

Antolatzaileen arabera, Orainmenean. Bertsolaritzaren genealogia feministak bertso saioa ere berezia izango da, azaroaren 17an eskainiko dena. Iazko Lanku Beka eskuratu zuen proiektuak, eta bertsolaritzaren historia berridazteko eta berrirakurtzeko asmoa du. Hain zuzen ere, emakume bertsolarien historia lehen lerrora ekarriko du emanaldiak.

Haurrentzako programazioak ere bere tokia izango du aurtengo Bertsoaroan. Azaroaren 21ean, hain zuzen ere, Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra izango da Mendillorriko Civivoxean. Txikienek jolas eta ariketen bitartez, gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, eta horiei erantzunez, bi bertsolarik saioa eskainiko diete.

Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan emanaldiak dantza ekarriko du aurtengo Bertsoaroara, azaroaren 24an. Konpainiak bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu du, eta atzoko eta gaurko hainbat bertsolariren errimak baliatuz, ikuskizuna eskainiko dute bost dantzarik.

Azaroaren 26an emango zaio bukaera aurtengo edizioari, eta ohi bezala, beste bertso jaialdi batek itxiko du zikloa.

Sarrerak

Pandemia egoeraren ondorioz indarrean dauden neurri guztiak bermatuta antolatuko da zikloa. Edukiera mugatuta egingo dira saioak, eta hori betetzeko hainbat prozedura zehaztu dira. Nafarroako Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldietarako gonbidapenak banatuko dira saioen egunean bertan, 17:30etik aurrera, eta bukatu arte (pertsonako bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira gehienez). Kondestablen egingo diren bi saioetan, ordu erdi lehenago irekiko dira ateak, edukiera bete arte. Azkenik, Katakrak-en egingo den saiorako, bai eta haurren tailerrerako, izena eman beharko da aurretik, nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita.

Zabaldu: