‘Azken arnasa arte’ film pedagogikoa estreinatuko da urriaren 2an Bilbon

Motxiladun Umeak filman haurrak izan genituen protagonista, oraingoan berriz, aitita-amamei ematen die ahotsa Azken arnasa arte pelikulak.

“Denok dakigu zer nolako garrantzia izan duten betidanik guretzat, gure seme-alabentzat… beraien laguntza, hurbiltasuna eta maitasuna eredugarriak izan direlako. Inoiz ez gaituzte botata utzi eta beren eskuetan egon den guztia emateko prest egoten dira, zabaltasun handia adieraziz. Egoera latzetan ere, beraien berotasuna eta begiraden lasaitasuna helarazi dizkigute, haientzako izugarrizko ahalegina eta oinazea suposatu duen arren”, azaldu dute Kurkukuluxetan Elkarteko kideek.

Film honek espetxeak eragiten duen egoera gogor baten aurrean, nagusien jarrera nolakoa den islatzen du irauten duen 22 minututan. Izan ere, 30 urteotan ehunka aitita eta amamak filmean agertzen den egoera jasan behar izan dute eta oraindik ere jasaten jarraitzen dute.

Filma 2018ko ekainean Basaurin, Hernanin eta Hendaian grabatu zuen Kurkuluxetanek. Bilboko elkarte honek hamazortzi urte daramatza Bilboko Kafe Antzokia eta Zenbat Gara elkartearen magalean, haur eta gazteen hezkuntzan eta baloreetan hainbat kultur ekimen bultzatzen, betiere, helburu argi batekin: euskara sustatzea eta bultzatzea haurreria eta gazteriaren esparru ezberdinetan, hizkuntza naturaltasunez erabil dezaten.

Filma urriaren 2an estreinatuko da Bilboko Kafe Antzokian eta sarrera doakoa izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna