Tartean Teatroaren ‘Ghero: Azken euskalduna’ oholtza gainera

Tartean Teatroak sortu berri duen Ghero: Azken Euskalduna antzezlana estreinatuko da datorren azaroaren 20an Bilboko Arriaga antzokian, Euskaltzaindiaren 100. urteurrenaren harira.

Obrak 3000 urtera garamatza eta azken euskaldunaren istorioa kontatzen du. Patxo Telleriaren gidoietan ohikoa den bezala, mito zahar honi umoretik heldu nahi izan dio. Koldo Mitxelena idazleak esaten zuen bezala: “Egiazko misterioa Euskararen iraupena da, ez jatorria”. Euskaldunok askotan sentitu dugun euskararen transmisioaren zaman sakontzen du antzezlanak, euskararen planeta inguruan “orbitatzen” duten bederatzi parabola edota antzerki poemen bidez.

Bost aktore arituko dira oholtza gainean: Mikel Martinez, Patxo Telleria, Mikel Losada, Ane Pikaza eta Olatz Ganboa, Jokin Oregiren  zuzendaritzapean, eszenografiaz berriz, Ana Garay arduratu da. Guzti hau behar bezala girotzeko Iñaki Salvador pianojole ezagunak espreski sortutako musika zuzenean entzun ahal izango da.

Ghero-ren protagonista nagusia euskara da. Antzezlan honetan hizkuntza txiki honen iraupenaren misterioarekiko harridura eta miresmena erakusten da. Dozena bat hizkuntza desberdin erabiltzen dira ikuskizunean: Euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelera, txinera, katalana eta galiziera. Horietaz gain, oraindik existitzen ez den hizkuntza bat ere entzun ahal izango da, “Hizkuntza Globala”, fikzio honetan, 3000.urtean, gizateria osoak egiten duen hizkuntza.

Datorren azaroaren 20an Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko du Tartean Teatroak antzezlana. Euskal Herri osoko antzoki eta aretoetan ikusgai egongo da udazkenetik eta 2019an zehar.

Zabaldu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude