Hainbat helburu txikiagoren artean hiru helburu handi eta zehatz nabarmendu dituzte antolatzaileek, ikastolen izateko arrazoia eta gizartearen egungo erronkak kontuan hartuta: euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza.
Azpeitiko Ikasberri ikastolak 2024 Kilometroak jaia antolatzeko lekukoa hartu du, “gogotsu eta ilusioz”, adierazi dute bertako ordezkariek. Kilometroak jaiaren laugarren edizioa izango da datorren urtekoa. 1979an izan zen aurrena; 2000. urtean bigarrena, Hau da leloarekin; eta 2011n hirugarrena, Klik lemapean. Azaldu dutenez, “esperientzia badugu, baina kilometro guztiak desberdinak dira, garai denak diferenteak direlako”.
Aurtengo kilometroak oraingo garaian kokatzeko, lanean hasiak dira, “izpi batzuk ikusten hasi gara egin nahi dugunaren eta lortu nahi dugunaren inguruan. Hainbat helburu txikiagoren artean hiru helburu handi eta zehatz jarriak dizkiogu gure buruari, ikastolen izateko arrazoia eta gizartearen egungo erronkak kontuan hartuta: euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza”.
Datorren urteko jaiaren antolatzaileak hasiak dira dagoeneko saretuta zegoen Azpeitiko ikastolako komunitatea zirikatzen eta aktibatzen. “Hura sendotuz eta indartuz, eta Azpeitiko herri ekimenekin elkarlanean, lortuko dugu Gipuzkoako ikastolen jaia festa ahaztezin bihurtzea. Ea lortzen dugun metroz metro egin beharko dugun bide hori guztia, lortu nahi dugun gizartearen ispilu bilakatzea!”.