Fábrica de Brujas konpainiaren 'Igogailua'

BAD jaialdian Euskal Herriko eta atzerriko 19 konpainia izango dira, urriaren 15etik 27ra

Bost taldek estreinatuko dituzte lanak Bilboko jaialdian; Input Dantzak eta Benetan Bek, besteak beste.

Euskal Herriko eta atzerriko 19 konpainia izango dira Bilbon, urriaren 15etik 27ra bitartean. Horietatik bostek beren lanak estreinatuko dituzte BADen. Antolakuntzak Euskal Herriko konpainien presentzia nabarmendu nahi izan du, izan ere, 13 euskal antzerki taldek parte hartuko dute 22. edizioan. Antzezlanak hiriko sei aretotan taularatuko dituzte: Bilborock, Campos antzokiko Kupula, Harrobia, Berreginen museoa eta La Fundicion.

Urriaren 15ean emango diote hasiera egitarauari, Campos Antzokia eguneko egoitza nagusi dela. Bertako Kupula aretoan bi euskal konpainiaren lanak izango dira: Larutan Danza taldeak Maria Andres koreografoaren Taito-Ku aurkeztuko du, 19:30ean; eta Artedramak berriz, Zaldi urdina obra.

22, edizio honetan erabateko bost estreinaldi izango dira: Macarena Recuerda Sheperd-en The watching machine, La Cocina / Mama Crea-ren La maniobra Heimlich. Vomitando los 80, Oihana Vesga eta Nerea Gurrutxagaren Leiho zikin, zeru garbi, Input Dantzaren Imperfectas eta Benetan Be taldearen Porno vs Afrodita.

Erabateko estreinaldi hauetaz gain, beste zazpi antzezlan lehen aldiz ikusteko aukera egongo da Euskal Herrian: Cabosanroque-ren No me hace brossa, Emilio Rivas / La Ofrenda-ren Los años de la felicidad, As Marias-en Las 2 en punto, Julian Pacomio eta Angela Millano-ren Psycho, Oligor y Microscopia-ren La Melancolía del turista, Ripley-ren Catástrofe eta Barbara-ren Várvara.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurtengo kartela “jaialdiak tokiko talentuaren alde egindako apustu sendoaren erakusgarri da”. Aipatutako antzezlanekin batera, Koldo Arostegiren Bobo; Fábrica de Brujasen Igogailua; Neri(h)ari eta Myriam Perez Cabezonen Mutu eta Beatriz Churrucaren Hago Carrera izango dira

Gainera, urriaren 13tik 23ra, Santutxuko metro-geltokian (Karmeloko sarbidea), Eva Guerreroren Donde yo empiezo, tú terminas argazki-erakusketa egongo da ikusgai.

Sarrerak jaialdiaren webgunean, BADeko informazio bulegoan (San Frantzisko Udal Zentroa, urriaren 13tik aurrera), eta programazioa duten espazio batzuetako txarteldegietan eta webguneetan eskuratu ahal izango dira.

Zabaldu: