(argazkia: Azpeitiko Udala)

‘Badon*’ lanaren aurrestreinaldia eta eskola antzerkia izango dira protagonista Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan

Berrikuntza gisa, Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin ere elkarlan bat abiatuko da, eta, horren barruan, erakusketa bat eta txotxongiloak egiten ikasteko tailer bat antolatuko ditu zentroak Azpeitin.

Azaroaren 2an abiatuko da Euskal Antzerki Topaketen 41. Edizioa Azpeitin, eta azaroaren 23ra bitartean, dozena bat emanaldi baino gehiago ikusteko aukera egongo da. Soreasu antzokian, Dinamoa sormen gunean eta Azpeitiko kaleetan zehar izango dira emanaldiak. Konpainia profesionalen nahiz talde amateurren lanek osatuko dute egitaraua; horrez gain, aurten garrantzi berezia emango zaio eskola antzerkiari.

Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, Euskal Antzerki Topaketek izaten dute oihartzunik handiena herrian, baina, topaketetatik kanpo ere, hainbat proiekturen bidez, antzerkiaren arloan “sekulako lana” egiten da herrian; horiek dinamizatzeko Kulturaz kooperatibak egiten duen lana eskertu du. “41 urte egin dituzte Euskal Antzerki Topaketek, baina beste urte asko irautea nahiko genuke, eta, horregatik, aurtengo topaketetan garrantzi berezia eman nahi izan diogu eskola umeen antzerkiari”, azaldu du. Hain zuzen ere, azaroaren 13tik 17ra bitarteko programazioa eskola antzerkiak hartuko du.

Alkortak gogoratu du ume askok antzerkiarekin lehen hartu-emana Euskal Antzerki Topaketei esker izaten dutela. “Uste dugu oso garrantzitsua dela etorkizuneko antzezleak eta antzerkizaleak formatzea”. Azpeitiko, Zestoako, Bermeoko eta Amezketako ikasleak igoko dira oholtzara eskola antzerkiaren astean. Horrez gain, azaroaren 17an, Eidarbe konpainia profesionalak Piztu! EmakumeON energia antzezlana eskainiko du ikasleentzat.

Bide beretik hitz egin du Xanti Agirrezabala Azpeitiko gaztetxoen antzerki tailerren dinamizatzaileak ere. “Alaitz Olaizolak 19 urte daramatza antzerkia irakasten eta nik neuk ere 5 urte. Azpeitian badago zaletasuna gazteen artean, eta horren adibide da talde guztiak beteta ditugula. Aurten indartuta dator eskola antzerkia, eta, akaso, hau izan daiteke bide bat ikusle eta antzezle berriak sortzeko”. Horri lotuta, Agirrezabalak kontatu du euskal eszenan eta sortzaileen artean badagoela kezka bat: “Nola hezi ikuslego berri bat, zein izango den gure etorkizuna”.

Gazteen antzerki taldeak beteta egotea “pozgarria” dela esan du Garazi Lazkano Kulturaz kooperatibako kideak ere, baina, horretaz gain, azaldu du kooperatibak Antzerki Sormen Laborategia ere jarri berri duela martxan. Antzerkiaren arloan, urte osoan egonaldi programak ere eskaintzen ditu Kulturazek Dinamoa sormen gunean. “Neurri batean, lan horren guztiaren emaitza dira topaketak”.

Ines Osinagak sustatutako Badon* proiektuak egin du sormen egonaldi horietako bat, eta Azpeitin egingo da haren aurrestreinaldia. Korrika Kulturalaren beka ere jaso du lanak. “Opera garaikide bat” izango da, eta hainbat diziplina batzen dituela azaldu du Marina Suarez zuzendariak, hala nola musika, dantza, poesia eta irudia. “Azpeitikoa aurrestreinaldia izango da, eta guretzat ere sekulako erronka da, lehen aldiz testatuko dugulako publikoarekin”. Azaroaren 23an, topaketen azken egunean, izango da Badon*-en aurrestreinaldia, eta hura amaitutakoan emango da topaketetako Ikusleen Saria.

Topaketei hasiera, berriz, Debako Goaz antzerki taldearen Salbe, publikoa lanak emango die. “Eskola antzerkia, urte osoan baldintza xumeagoetan aritzen diren talde herrikoiak eta profesionalak. Saiatu gara balio kate hori guztia kontuan izaten”, esan du Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak. Talde amateurren artean, aipatzekoa da Zestoako Eromen taldea ere. Azken urteotan ohiko bihurtu da Azpeitian, eta aurten ere 26 ikaslek parte hartuko dute Higa antzezlanean.

Elkarlana Topic zentroarekin

Euskal Antzerki Topaketen egitarauaren barruan, txotxongiloek ere izaten dute tokia. Azkenengo urteetan erakusketa jarri du Corrado Masacci txotxongilogileak, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Azaroaren 1etik 15era egongo da ikusgai, Betharram udal aretoan.

Berrikuntza gisa, Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin ere elkarlan bat abiatuko da, eta, horren barruan, erakusketa bat eta txotxongiloak egiten ikasteko tailer bat antolatuko ditu zentroak. Tailerra doakoa izango da, baina izena eman beharko da. Bengoetxearen esanetan, “bide baten hasiera” da Topicekin hasitako elkarlana. “Espero dugu elkarlan horrek beste fruitu batzuk ematea etorkizunean”.

Sarrerak salgai

Iazko edizioan Internetera ere egin zuten jauzi topaketek, eta aurten ere www.topaketak.eus webgunean egitaraua eta historia kontsultatzeko aukera egongo da. Atari hori sarrerak eskuratzeko ere erabili ahal izango da. Helduentzako sarrerak 10 euro balioko du, eta haurrenak 5 euro. Soreasu antzokian eta Sanagustin kulturgunean ere egongo dira salgai sarrerak.

Euskal Antzerki Topaketen 41. ediziorako kartela Leire Derteano Lizarralde oñatiarrak egin d. Lehiaketa bidez aukeratu dute irudia.

Zabaldu: