Euskarari eta euskararen unibertsoari argia, energia eta indarra emateagatik eta euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dutenentzat erreferente izateagatik.
Egiten eta eragiten dugulako gara, horixe izan da aurtengo Bai Euskarari Sarien banaketa ekitaldirako aukeratu duten leloa. Rober Gutierrez Bai Euskarri Elkarteko zuzendariak sari emate ekitaldian aipatu duenez, Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi zuten ibilbidea eta “alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eta eragiteko xedez aritu gara urte hauetan, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz. Proiektu propioak sortu ditugu (Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak, ‘Elkarrengandik Ikasiz’ solasaldiak), elkarlanean aritzen gara (Euspot Lehiaketa, Lazarraga Sariak, Beterri-Saretuz, etab.) eta erakunde ezberdinei zerbitzua eskaintzen diegu (Arabako Enpresen Foroa, Euskara Langai, etab.). Ziurtagiri bat baino askoz gehiago izatera iritsi gara, eta aurrera begira ere eremu ezberdinetan eragiten jarraituko dugu”.
Gutierrezen arabera, “lehen Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu ziren egun hartatik, 22 urte geroago ere, beharrezkoak izango ditugu eragile, enpresa, erakunde eta norbanako ezberdinen arteko elkarlana eta komunitate osoaren indarra, euskaraz egiten eta eragiten jarrai dezagun”. Horrekin batera, “erronkei aurre egiteko jauzi berriak behar ditugu, pentsatzeko, lankidetzak bideratzeko, egiteko eta eragiteko molde ausartagoak”.
Aurtengo sarituak
Sasoi eraikuntzak izan da saridunetako bat. 2011n eskuratu zuen Bai Euskarari ziurtagiria, Bidean mailan hasi ziren eta urratsez urrats joan dira zerbitzua euskaraz eskaintzeraino. Langileen arteko harremanak eta bezeroekin dituztenak geroz eta euskaldunagoak dira eta horrek bultzatu dituzte beste pauso bat ematera. Konfiantza eta hurbiltasuna ere eman die horrek, kanpo zein barne harremanetan.
Elhuyarren kasuan, euskara eta zientzia uztartzeko sortu zen duela 50 urte eta harrezkero bide oparoa egin du erakundeak. Erreferentzialtasuna lortu dute zientzia arloan eta beste hainbat proiektutan murgilduta daude. “Erabateko eraldaketa garai honetan, bereziki euskarak sekulako erronka du. Ezagutzaren bidean gizarteari ekarpena egiten ari da Elhuyar, egiten eta eragiten”.
EuskarAbentura, bere aldetik, uztaila osoan zehar Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatzen duen espedizioa da. Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urteko gazte euskaldunek parte hartzen dute bertan eta gazte askok euskaraz bizi daitekeela frogatzen dute. “Gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko aisialdian eragitea ezinbesteko da eta EuskarAbenturak zuzen-zuzenean eragiten du euskararen presentzia handitzeko”.