(argazkia: Zalduondoko Udala)

XV. eta XVI. mendeetako udal artxiboko hamar dokumentu berreskuratu dituzte Zalduondon

Dokumentu horiek berreskuratzeak aukera ematen du udalerriaren historia osatzeko.

Zalduondok XV. eta XVI. mendeetako hamar dokumentu berreskuratu ditu. Bere garaian udal artxiboaren funtsan zeuden hauek. Zenbait arrazoigatik partikular baten eskuetan egon ziren eta orain, herritar batek berreskuratu ahal izan ditu. Zalduondoko Udalak pertsona horren jarrera eskertu nahi izan du, “ohoratu egiten duelako eta herritarren funts historikoari eusteko interesa erakusten duelako”. Ildo horretatik, Gustavo Fernandez Villate herriko alkateak espero du dokumentu interesgarriak izan ditzaketen beste bizilagunek ere, publikoak nahiz pribatuak izan, ematea. Udalak urrats hori modu publikoan edo anonimoan egitera animatzen du jendea, herriko historia berreskuratzeko asmoz.

Izan ere, dokumentu horiek berreskuratzeak aukera ematen du udalerriaren historia osatzeko zenbait alderdi eta lan-eremutan, hala nola aurreko mendeetan zegoen toponimia edo mendien aprobetxamenduengatik herriek dituzten iritziak eta desberdintasunak eta eskubide horien erabilera arautzeko modua.

Era berean, Aistrak Araiarekin duen herri-lurrei buruz hitz egiten da, eta mugarriei buruzko zenbait dokumentu berreskuratzen dira, Zalduendo eta Araia herrien arteko lurrak hobeto definitzeko.

Hurbileko beste herri batzuekin ere, hala nola Egilatz, Erdoñana, Agurain eta Mezkia, erreferentzia historikoak hobetzea lortzen da, eta, era berean, orain arte landutako gaiei buruzko hainbat dokumentu gorde eta ematen dira.

Berreskuratutako jatorrizko artxibo-dokumentuekin batera, beste dokumentu osagarri batzuk ere jaso dira, udalerriko bizimoduaren eta tradizioen ikuspegi aberatsagoa ematen laguntzen dutenak; antzinako kanpai-kolpe motei buruzko oharrak, Zalduondon dagoen organoari buruzko informazio zehatzak, fabrika-libururen batetik edo parrokia-elizaren kontu-libururen batetik ateratakoak edota herribilduarekin zerikusia duten beste artxibo-dokumentu batzuen kopia edo erreprodukzioak.

Udalarentzat Zalduondoko jatorrizko artxibo-dokumentu horiek berreskuratzea oso positiboa da, “are gehiago kontuan hartzen baditugu Udalak 2007an izan zuen sute tamalgarriak eragindako galerak. Eskertzen dugu, beraz, herritar honek erakutsitako jarrera, eta espero dugu haren keinua imitatuko dela herriko etxeetan sakabanatuta egon daitezkeen beste artxibo-dokumentu batzuk berreskuratzeko, askotan, jendea ez delako ausartzen aurrerapauso bat ematera eta Udalari dokumentu horiek entregatzera”, nabarmendu du alkateak.

Zabaldu: