Guztira 412 lan aurkeztu dira aurten, eta epaimahaiaren arabera, barne-korapiloak eta gai sozialak izan dira lan gehienetan nagusi. Alatz Nazabal eta Maria Aguirre gailendu dira A mailan, eta Maddi Lakasta eta Araitz Martinez B mailan.
Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak 2025eko Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariak banatu dituzte Bilbon egindako ekitaldian. Gazte idazleak literatura mundura erakartzea helburu duten sarietara 412 lan aurkeztu dira aurten, eta epaimahaikideek nabarmendu dutenez, barne-gatazkak eta gai sozialak izan dira lan askoren ardatz nagusiak. Jazarpena, gerra, maitasuna, adiskidetasuna, identitatea edo etxegabetasuna bezalako gaiak landu dituzte parte-hartzaileek.
A mailan, 10 eta 13 urte bitarteko gazteen artean, narrazioaren alorreko lehen saria Alatz Nazabalek eskuratu du, Egunerokoa lanarekin. Haurtzaro ikastolako ikasleak istripu baten inguruko kontakizun hunkigarria aurkeztu du, bi istorio uztartuz eta emozioei protagonismo berezia emanez. Bigarren saria Irati Zabalorentzat izan da (Erantzuna jasotzeko esperantza), eta hirugarrena Malen Vallejorentzat (Ez zara bera bezalakoa), biak ere Haurtzaro ikastolakoak.
Poesian, Maria Aguirrek irabazi du lehen saria Pasillotik isiltasuna lanarekin. Armentia ikastolako ikasleak identitateari buruzko poema intimoa aurkeztu du, tentsioa estrofa batetik bestera handituz doana. Bigarren saria Noa Zabalegik jaso du (Zer da zuretzat laguntasuna?), eta hirugarrena Izar Urretagoienak (Irribarrea).
B mailan, 14 eta 17 urte bitarteko gazteen artean, Maddi Lakastaren Kartoizko oheak narrazioak lortu du lehen saria. Biurdana BHIko ikasleak etxegabetasunaren errealitatea jarri du erdigunean, gazte konprometitu baten begiradatik. Bigarren saria Kattin Madariagaren Amaitzearen hori lanarentzat izan da, eta hirugarrena Alaa El Ablaouiren Isiltasunaren pisua narrazioarentzat.
Poesiaren alorrean, Araitz Martinezek irabazi du lehen saria Wendigo poemarekin. Oianguren BHIko ikasleak amodioa gorputzaren eta desioaren ikuspegitik jorratu du. Liher Larreak (Haizea) eta Amaia Sarasolak (Zuen islak nigan) osatu dute sarituen zerrenda.
Aurten ere, Oiartzungo Haurtzaro ikastolak jaso du lan gehien aurkeztu dituen ikastetxeari ematen zaion sari berezia.
Sari banaketa ekitaldian, Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak gazte idazleak animatu ditu literatura lantzen jarraitzera. Literaturaren balioaz hausnartu du bere hitzaldian, sare, zubi, linterna eta memoriaren artxibo gisa definituz, besteak beste, eta etorkizuneko idazleei irakurri, idatzi, autokritiko izan eta inoiz ez etsitzeko gomendatu die.
1991tik Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak elkarlanean antolatzen dituzten sariek belaunaldi berrien sorkuntza literarioa sustatzen jarraitzen dute. Urteotan sari hau jaso dutenen artean daude gaur egun euskal literaturan eta komunikazioan erreferente diren hainbat izen, hala nola Alaine Agirre, Uxue Alberdi, Nerea Ibarzabal, Nagore Amondarain edo Urtzi Urrutikoetxea.