Batera Arrigorriagan dinamikaren emaitzen aurkezpen publikoa egin dute

2024ko apirilean abiatu zen euskararen erabilera berrindartzeko prozesu komunitario hau Arrigorriagan eta orotara 75 herritarrek parte hartu dute dinamikan.

Euskararen erabileran goranzko jauzi bat emateko asmoz, Arrigorriaga Euskarri elkarteak, Udala eta Taupa Euskaltzaleen mugimenduarekin elkarlanean, Batera Arrigorriaga jendarte laborategia jarri zuen martxan iaz.

Ekimenak euskararen biziberritzean herriko eragile eta biztanleak inplikatzea izan du helburu eta, emaitzak ikusita, erabat arrakastatsua izan dela baieztatu du elkarteak. Izan ere, 75 herritarrek parte hartu dute lan saioetan eta bost kontraste talde osatu dira herriko beste horrenbeste sektoretako ordezkari eta eragileekin, euskarak goranzko jauzia egiteko eman behar diren baldintzak aztertzeko. Besteak beste, gurasoak, gazteak, herriko elkarte ezberdinak, euskaratik urrun bizi diren herritarrek eta Abusuko auzotarrek osatu dituzte lan talde hauek eta “parte-hartze zein ekarpen aldetik izugarri emankorrak” izan dira.

Kultur Etxeko Azokea aretoan egindako ekitaldian, dinamikaren emaitzak aletzeaz gain, sei hilabetetako bidean izandako bizipenak ere azaldu dituzte parte-hartzaileek. Zentzu honetan, euskararen inguruko ikuspegi eta jarrera ezberdinak partekatzea zein aberasgarria izan den nabarmendu dute, eta esperientzia uste baino oparoagoa izan dela adierazi dute. “Parte-hartzaile askori euskararen erabilera gizarte osoaren erronka dela konturatzeko balio izan dio ariketak, euskaldunena zein euskara ez dakiten herritarrena, hain justu. Eta gehienek adierazi dutenez, Arrigorriagan behar zen euskararen erabileraren inguruko hausnarketa kolektibo hau, herritar sarea sendotu eta euskararen aldekotasuna aktibatzeko ere balio izan du eta”.

Dinamikaren emaitzei dagokionez, erabilera areagotzeko espazio inklusiboak sortu beharraren garrantzia aipatu dute. Horretarako, herriko eragile eta erakundeak aktibatu eta kirolean, espazio soziokulturalean eta aisialdian aliantza berriak eraikitzeko konpromisoa azaldu dute.

Bestalde, herritar berrien harreran euskara erdigunean jartzearekin batera, etxean euskararen transmisioa bermatzea dela adierazi zuten.

Azken finean, Arrigorriagan euskara edonon eta normaltasunez erabiltzeko baldintzak ezartzea da asmoa, eta horretarako sinergia berriak adosteko helburua dute Batera Arrigorriaga dinamikako bultzatzaileek hur​rengo hilabetetan. Zentzu horretan, Arrigorriagan euskararen aldeko saretze eta aktibazioa akuilatzeko Euskaraldiak ematen dituen aukerak aprobetxatu behar dela adierazi du Kike Amonarrizek.

Gaurtik hasita, euskal hiztun direnen eta ez dakiten edo erabiltzen ez dutenen arteko zubiak eratu eta herria euskaldunago, harkorrago eta irekiago baten alde lanean jarraituko dutela jakinarazi dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna