Batera deialdiaren irabazleak (argazkia: Oihaneder)

Batera deialdiko crowdfunding kanpainak abian dira

Aritz Ibarra, Sandra Salazar eta Aitor Gomez gazteak dira iazko urrian martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan irabazleen egileak.

Irabazleek hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen euren proiketuak Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko eta jada abian jarri dituzte. Oraindik aurrera, 40 egun izango dituzte ezarritako helburu ekonomikoak lortzeko eta kultur-proiektuak finantzatzeko.

Aukeratutako proiektuak garatu ahal izateko Ibarrak, Salazarrek eta Gomezek deialdiko antolatzaileen laguntza jaso dute: Gasteizko proiektu onenari (Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea) Oihaneder-Gauekoak antolatzaile bikoteak emango dio laguntza; Arabako proiektu aukeratuari (Idi-gosea) Vital Fundazioak; eta Euskal Herrikoari (Beita) Laboral Kutxak.

Izan ere, egile bakoitzak crowfunding eta komunikazio kanpaina orokorra antolatzeko aholkularitza jaso du, baita kanpaina osatzeko 2.000 euro ere.  Era honetan 40 eguneko iraupena izango duen crowdfunding kanpaina bana jarri dute abian Euskal Herriko eta Gasteizko kulturzale eta euskaltzaleek beren proiektuak diruz lagun ditzaten.

Aritz Ibarrak Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea izenburupean eleberri grafikoa egin nahi du. Gasteizko historiaren gertakari erabakigarri bat ezagutaraztea helburu du proiektuak: 1200. urtean tropa gaztelarrek Gasteiz hiri nafarra konkistatu zuten, bertako hiritarren eta euskaldunon Herriaren etorkizuna errotik aldatuz. Garai hartako Gasteiztarrek erresistentzia izugarria egin zuten konkistaren kontra, hiriaren setioa 8/9 hilabetera luzatuz.

Sandra Salazarren Idi-gosea proiektuak elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio bulimiaren gaiak aztertuko ditu. Bi ataletan banatuta dago: fanzinea eta erakusketa. Fanzinean nerbio bulimiaren inguruko informazioa eta gaixoen sentimenduak aztertuko ditu Salazarrek argazki eta aldizkarietako hitzekin egindako collage-n bidez. Erakusketan fanzineko callage-ak jorratuko dira hainbat informazio osagarrirekin.

Amaitzeko, XUP! Antzerki konpainiak taldean aurkeztu du bere proiektua, Aitor Gomez ordezkari izanik: Beita, hamabost minutuko zortzi ataleko web-saila, eduki osagarriez lagundua argitaratuko dena. Proiektu digital eta transmedia izango da, eta beraz, zortzi atalak oinarri digital batean izango dira eskuragarri. Ikuspegi gazte eta feminista batetik sortutako lana da Beita, “gazteok gazteontzako sortua; misterio edo thriller eran kontaturiko istorioa da eta euskaraz eginikoa”, azaldu dute.

Zabaldu: