Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko edozein gazte euskalduni zuzenduta dago egitasmoa. Apirilaren 26ra arte egongo da izena emateko epea zabalik.
Gasteizko Lazarraga Kultur Elkarteak euskarazko kultur proiektuak bultzatzeko deialdia abiatu du. Egitasmoa 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, baldin eta Gasteizen edo Araban bizi, ikasi edo lan egiten badute. “Edozein diziplina edo formatutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, betiere euskarazko sorkuntzan ekarpena egiten badute”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Deialdiak kultur ekimen jakin baten garapenari diruz laguntzeko helburua du, Internetek eskaintzen duen crowdfundingaren aukera baliatuz: liburu bat argitaratu, jaialdi bat antolatu, APP bat sortu, podcast bat martxan jarri, erakusketa bat egin, bideo-jolas bat garatu, euskarazko lelodun kamisetak egin, sare sozialetarako edukia sortu… “Kulturaren arloan gauzatzeko edozein ideia baloratuko da. Bereziki, euskararen erabileran eragina izango duten, gazte euskaldunen sustatze-ahalmena indartuko duten eta euskararekiko atxikimendua sendotuko duten proposamenak izango dira kontuan”, adierazi dute.
Izen-ematea apirilaren 26ra arte egongo da zabalik eta aurkeztutako proposamen guztien artean, bi proiektu hautatuko dira.
Deialdiari buruzko informazio guztia; parte hartzeko baldintzak, aurkezteko modua, hautaketa-prozesua, laguntza ekonomikoak eta crowdfundingaren funtzionamendua, esteka honetan dago eskuragarri: https://iak.eus/ekitaldia/batera-kultura-proiektuak-elkarrekin/