Batura Zikloak euskal musika klasikoa nazioarteko erreperterioarekin uztartuko du

Ekimenak euskal musika klasikoa eta nazioarteko errepertorioa zabaldu nahi ditu, zortzi errezitaldiren bidez, hurbilketa atsegin eta didaktikoarekin, Donostian eta Gipuzkoako beste lau herritan.

Batura zikloa ekimen aitzindaria da bere generoan; izan ere, euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorioarekin batera kokatu nahi du. Zortzi errezitaldi izango dira orotara Donostian eta Gipuzkoako beste lau herritan. Zehazki, 2020an zehar Kanadatik edo Errusiatik iritsitako nazioarteko hainbat artista interpretatuko dituzte, besteak beste.

Josu Okiñena pianista, ikertzaile eta Musikeneko irakasleak sortu eta bultzatutako ziklo berezia dugu honakoa, eta, euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorioarekin batera balioan jarri, nahiz goratu nahi du, hurbilketa atsegin eta didaktiko baten bidez. Hala, artistek une oro interpretatutakoa azalduko dute. “Euskal Herriko musika ikertzen urteak eman ondoren, nazioarteko kontzertu errepertorio handiaren pareko kalitatea duen errepertorioa daukagula konturatu naiz. Hala sortu zen ideia”, azaldu du Okiñenak.

Izan ere, bultzatzaileak kontatu duenez, “orain arte ikusi ditudan ekimen gehienetan euskal musika klasikoa soilik programatu izan dute, edo euskal obra jakin bat nazioarteko errepertorioko errezitaldi baten barruan programatu”. Hori dela eta, Okiñenak “beste pauso bat” eman nahi izan du eta beste errezitaldi mota batzuk antolatu, bien arteko fusioa ahalbidetzeko. “Iruditzen zait garrantzitsua dela Batura bezalako ekitaldietan musikariok batzea”.

Azaldu duenez, zuzenekoak modu didaktiko batean, atseginean eta hurbilean egingo dituzte, hots, artistek konposizioen azalpen laburrak edo testuinguruak egingo baitituzte interpretatu aurretik. Okiñenaren ustez, “funtsezkoa da azalpen edo informazioa ematea entzulea kokatu dadin eta kontzientzia har dezan; baita oraindik ere arrotzak zaizkion elementu eta informazio askoren erreferentzia gisa ere”. Sozialki euskal errepertorio klasikoa oraindik ere ez delako ezaguna.

Emanaldietan, beraz, publikoak euskal artistek kanpoko artistekin dituzten harreman musikalak eta pertsonalak ezagutu ahal izango ditu: “Eta, batez ere, euskal musikak historian zehar, munduan izan dituen joan-etorriko bidaiak”, dio. Kontzertu bakoitzaren berezitasunen eta ezaugarrien arabera, artistak obra bakoitzaren “alderdi garrantzitsuenak mugatzen” saiatuko dira, “errepertorio horren ulermena, eta, batez ere, aurkikuntza errazteko”.

Bestalde, errezitaldi horiek formatu txikiko hainbat aretotan egingo dituztela iragarri dute, “Ganbera errezitaldiak egin nahi ditugu, oraindik orain Euskal Herriaren oso errepertorio ezezaguna dagoelako”. Era berean, horrelako formatuek publikoarekiko hurbiltasuna errazten dute artistarekiko, “eta horrek, zalantzarik gabe, musikariarekiko ulermena, obraren testuinguruaren ulermena eta musikari nahiz ikuslearen arteko harremana errazten ditu”, dio Okiñenak.

Zikloak bestalde, Nazioarteko maila duten artistek beren errepertorioetan euskal musika klasikoa sartzea du helburu; izan ere, “behin musikaria kontzertu batean interpretatzeko sartzen dutenean, gainerako errepertorioetarako eta jaialdietarako ere sartzen jarraitzen du, eta, beraz, haren hedapena askoz ere handiagoa da”.

Sarrerak eskuratzeko: www.donostiakultura.eus .

Zabaldu: