[BIDEOA] Josu Bergara musikaria oholtzara itzuliko da

Musikari bizkaitarraren lehenengo zuzenekoa Bilboko Bertendona institutuko areto nagusian eskainiko du apirilaren 4an, arratsaldeko 19:30ean. Akorde Txikiak bandarekin batera ikusteko aukera izango dugu.

Josu Bergara musikariak urtebete baino gehiago eman du kontzerturik eskaini gabe. Beharrezkoa izan duen atsedena hartu ondoren, abeslari bizkaitarra udaberrian agertokietara itzuliko dela iragarri du Taupaka elkarteak. Hala, lehen hitzordua Bilbon izango du apirilaren 4ean, Akorde Txikiak bandarekin batera, Poltsiko musika zikloaren barruan.

Kanta Txikien Indarra lelopean, Eako musikariak hamabost urte daramatza musikaren munduan. Ibilbide luze horretan bost disko argitaratu ditu eta Euskal Herriko zein kanpoko ehundaka toki ezberdinetan aritu izan da zuzenekoak eskaintzen.

Taupaka elkartearen arabera, Bergararen abestiak “freskoak eta argiak dira, bizipoza transmititzen dute”. Ibilbide luzeko musikari honek melodiak eta erritmo ezberdinak lantzen ditu, beti modu hunkigarri batean eta abesti sinple bezain ederrak konposatuz. Akorde txikiak bandarekin elkarlanean, “zuzeneko ezberdina eta originala sortzea lortu du: melodikoa, dinamikoa eta erakargarria”. Bergara Nerea Alberdi (bibolina), Mikel Nuñez (pianoa), Txema Arana (bateria), Dani Gonzalez (kontrabaxua), Irati Bilbao (ahotsa) eta Lüi Young-ekin (gitarra) batera itzuliko da agertokietara. Lehenengo zuzenekoa, beraz, Bilboko Bertendona institutuko areto nagusian eskainiko du apirilaren 4an, arratsaldeko 19:30ean, Akorde Txikiak bandarekin batera.

Zabaldu: