(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatu dute

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolak azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde borrokan jarraitzen dute. Atzo, Seaskako guraso eta irakasleak Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzaren aurrean mobilizatu ziren, eraikina okupatu, eta azterketak euskaraz egiteko aldarrikapenarekin aurrera jarraitzeko asmoz. Protesta hauek, ordea, ez ziren giro baketsuan igaro, eta eraso bortitzak jasan zituzten Frantziako poliziaren partetik. 

Ikastolen Elkarteak elkarretaratzea egin du gaur goizean, erasoen aurkako jarrera erakutsi eta ikasle, guraso eta irakasleei babesa erakusteko asmoarekin.

Azaldu dutenez, aurten ere Iparraldeko ikasleek ezin izango dute baxoa euskaraz egin. Atzo hasi zituzten azterketak, eta frantsesez erantzutera behartuak izan ziren beste behin. “Urteak dira gure ikasleek proba hau eta brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen ari garela, eta urrats batzuk aitzina egin ditugun arren, berehala etorri izan zaizkigu Frantziako Gobernuaren erantzun bortitzak, legeen bidez ez bada, debekuen bidez, eta hori nahikoa ez bada, polizia indarren bidez. Atzoko gertaerek argazki argigarria utzi ziguten: ikasle, guraso eta irakasle talde baten hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenei bortxaz erantzun zieten frantziar polizia indarrek”.

Ikasle, guraso eta irakasle talde horrek, Euskal Herriko 113 ikastoletako komunitatea ordezkatzen du. “Milaka eta milaka herritar gara, Euskal Herri osoan hezkuntza, antolamendua eta etorkizuna ulertzeko ikuspegi komun bat dugu, saretuta gaude, eta elkarrekin daramagu aurrera gure hizkuntza eskubideen aldeko borroka hau”, adierazi dute.

“Ikastolok ez ginen jaio euskara iraunarazteko; hezkuntza eraldatzeko eta euskararen egoera iraultzeko jaio ginen duela mende erdi bat baino gehiago, eta horrela dihardugu. Gure gizartean sinesten dugu, euskaraz bizi nahi duen jendartean; gizarte zibilean, guraso, langile eta ikasleetan. Aurrera egiten bezala, erori eta altxatzen ere ikasi dugu. Eta jakobinismoaren azken erasoari dakigun bezala erantzungo diogu; indarraren arrazoiari arrazoiaren indarrez erantzungo diogu”.

Zabaldu: