(argazkia: Baztandarren Biltzarra elkartea)

Baztandarren Biltzarra Elkarteak bestaren ardura utziko duela iragarri du

Elkarteko kideek zikloa ixteko tenorea dela diote. Beraz, bestaren gidaritza inork ez badu hartzen kolokan geldituko da.

Baztandarren Biltzarra Elkarteko kideek bestaren ardura utziko dutela jakinarazi dute sare sozialetan zabaldu duten ohar baten bidez. Bertan azaldu dutenez, “urte hauetan, jende anitzen laguntza boluntarioa hartu dugu eta bihotzez eskertzen dugu. Hala ere, denbora luzez ardura gure esku hartu dugu eta gure zikloa ixteko tenorea dela sentitzen dugu”.

Hala ere, argi utzi nahi izan dute elkartearen gidaritza beste talderen batek hartuko balu euren laguntza izango lukeela: “aholkuak emanez, bidelagun lana egiteko erabat prest gaude. Are gehiago, arras kontent paratuko gara norbaitek segida ematen badio hainbeste urtez gure artean egon den besta eder honi”.

Elkarteak adierazi duenez, “urte anitz izan dira, arras politak eta aberatsak. Berriz ere, eskerrak eman nahi dizkiegu, 60 urte hauetan, modu batean edo bestean elkarteari laguntza eman dioten guztiei. Gure euskarri izan dugun leloak biziarazi gaitu eta hori izan da gure oinarria. Beraz, ardura hau utzi arren, beti harro aldarrikatuko dugu: Baztanen eskuara barra-barra!”.

60 urteko ibilbidea

Baztandarren Biltzarra baztandarren arteko senidetasun jai handia da. Udan egin izan da Elizondon, baina ez egun finko batean, azken urteetan San Ferminen amaieraren osteko lehen igandean.

Aurtengoa 60. edizioa izango litzateke, izan ere, 1963an hasi ziren besta antolatzen. Urte guzti hauetan, Baztan bailara osatzen duten hamabost herriei eskatu izan zaie orga edo karroza apaindu batean Baztango ohitura eta izaeraren adierazgarri diren gaiak Elizondora eramatea, gero denak elkarrekin anai-arreben arteko besta ospatzeko. Orga apainduak izaten dira bestaren muina, orga hauetan herri bakoitzeko kezkak eta aldarrikapenak udalaren, gobernuaren eta herritarren aitzinean agertzeko; herri bakoitzeko xoko eta herritarren izana eta izena azaltzeko erabiltzen baitira.

1976an Baztango Udalak zeukan ordezkaritzak elkartearen antolakuntza utzi zuen, hortaz, gazte talde batek Baztandarren Biltzarra Kultur Elkartea sortu zuen.

Iazko edizioaren bideoa

Zabaldu: