Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza izan dira 2022an kexa gehien jaso dituzten erakundeak, baina Bizkaiko udalek jasotako kexa kopurua ere nabarmendu dute.
Iaz Euskal Herrian zehar hizkuntza eskubideekiko izan ziren hutsune nagusiak eta arloz arloko egoeraren azterketa jasotzen dituen txostena aurkeztu du gaur Behatokiak, Bilboko Ibaiondo udaltegian. Erakundeko zuzendari Agurne Gaubekaren arabera, “2022an ere, hizkuntza eskubideen aitortza jendarteko eremu ezberdinetan normalizatzetik urrun aurkitu genuen. Urteak aurrera doazen arren, herritarrari euskaraz bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaio eguneroko esparru ugaritan”. Muga eta oztopo horiek, adibide gisa, agerraldiaren hasieran aurkeztu dituzte bideo baten bidez hizkuntza eskubideen urraketak jasan zituzten herritarren testigantzekin.
Txostenaren balantzea egiterakoan, Gaubekak nabarmendu du herritar askok Behatokia beraien eskubideen babes eta defentsarako tresna bezala ikusten dutela. Halaber, jendarteak hizkuntza eskubideen aitortza eta egoera ardura indibidual eta kolektibo bezala ikusten duela adierazten dute Behatokian jasotako datuek. Hala ere, gogorarazi du, “euskararen normalizaziorako pausoak mugatu, oztopatu edo debekatzen badira, hizkuntza eskubideek ez dute inoiz aitortza egokirik izango”.
Hizkuntza eskubideak herritar guztienak diren heinean, horiek bermatzea eta euskararen normalizaziorako pausuak ematea enpresa, elkarte eta erakunde guztien gizarte erantzukizuna dela ere aldarrikatu du Behatokiko zuzendariak. Halaber, administrazio publikoek normaltasunez euskaraz funtzionatzeko erabateko gaitasuna izan dezaten, “baliabide efektiboak” behar dituztela nabarmendu du Gaubekak, baita bestelako sektoreetan ere (hezkuntzan, aisian, sozioekonomikoan…) eta euskarazko eskaintza aktibo handiagoa behar dela defendatu du. Gainera, sarritan, “euskaraz ikasi eta lan egiteko baliabide eta neurri faltak beste arloetan ere eragin negatiboak ditu herritarren hizkuntza eskubideei dagokionean. Ondorioz, euskararen lurralde osoan hizkuntza eskubideek lege babes handiagoa izatea” eskatu du Behatokiko eledunak.
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak, bere aldetik, erakundeak bildutako datuak eskaini ditu. 2022an, guztira 1.071 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Intzidentzia guztietatik, 976 kexa izan dira, 54 zoriontzeko mezuak eta 41 kontsulta edo iradokizunak.
Aurreko urtean jasotako kexen jaitsiera txiki bat egon den arren, Petriatik datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jarri du enfasia: “Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela. Izan ere, jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe”. Behatokiko teknikariaren hitzetan, sistema osoaren hutsuneen adierazle da hori, “herritarrak bere hizkuntza eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua oztoporik gabe jaso nahi badu, euskara erabiltzeari uko egin behar izatea eragiten dio sarritan”.
Kexa gehien jaso dituzten erakundeak
Beste urte batzuetan bezala, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak, baina 2022an Bizkaiko udalek jasotako kexa kopuruak arreta deitu du. Bestalde, sektore pribatuan, merkataritza gune handiak izan dira gehienbat kexa gehien jaso dituztenak, eta euskararen presentzian eta erabileran atzeman diren atzerapausoek kezka sortu dute Behatokian. Kontuan izan behar da, horietako askok lege betebeharrak izan arren ez dituztela betetzen.
Bukatzeko, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitan, azken hilabeteetan hizkuntza eskubideak murriztu dituzten sententziek zer eragin izango duen aztertu beharko du Behatokiak.