(argazkia: Donostia Kultura)

Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. Poesia Lehiaketa

Arkeologia haragitan obragatik saritu dute zarauztarra. Epaimahaiaren arabera, “aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik”.

Poesialdia egitarauaren baitan, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren zazpigarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua  Beñat Arruti Irigoien (Zarautz, 1999) da, Arkeologia haragitan obragatik.

Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Eli Tolaretxipik osatu dute epaimahaia eta euren aburuz, “Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa”.

Epaimahaiaren arabera, gainera, “ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisaia eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz”.

Aurtengo edizioan oso maila altua egon dela nabarmendu dute. “Lan irabazle bat aukeratu da, baina oso gertu egon dira beste bi lan hauek: Ahizpa beltza eta Hiria, diglosia, bakardadea.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat jaso du Arrutik eta Balea Zuria argitaletxeak bere idazlana argitaratuko du. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahal izango ditu irabazleak.

Idazle gazteen lanari bultzada

Poesia lehiaketa hau, Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortu zen.

Zabaldu: