(argazkiak: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Xabier Gaztelumendik izan zuen txapela Beñat Gaztelumendiri jartzeko ardura, entzuleen txalo artean; Agin Labururekin jokatu zuen buruz-burukoa txapeldunak.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa iritsi da bukaerara. 6.000 lagun bildu ziren atzo,  arratsaldean Donostia Arenan (Illunbe) bertsolarien lanaz gozatzeko. Finalistak Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran izan ziren eta lehenengo atalean, hainbat ariketa egin behar izan zituzten. Zati hori bukatuta, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi sailkatu ziren buruz-burukoa jokatzeko. Azkenean, Gaztelumendik jantzi zuen txapela.

Xabier Gaztelumendik jantzi zion txapela semeari. Keinu honekin, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urte luzetan Elkartean egindako borondatezko lan isila aitortu eta eskertu nahi izan dio Xabierri.

Irabazleari txapela jantzi aurretik, baina, oroigarri bana jaso zuen finalista bakoitzak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eskutik. Lau lagunek eman zituzten sariak. Saroi Jauregik Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak; Xabi Igoa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldekoak; aurten Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrak omendu ditu txapelketak, eta Mikaela Kortajarenak, Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarraren bilobak eman zituen beste bi sari; eta bestetik, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen Karidadeko Benta taldeko Unai Mendizabalek eta Igotz Alkortak eman zituzten sariak.

Gai emaile eta aurkezle lanetan Ion Zaldua eta Itziar Etxezarreta aritu ziren. Epaimahaia, berriz, hurrengoek osatu zuten: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro aritu ziren.

Sailkapena:

  • Beñat Gaztelumendi Arandia….940.5
  • Agin Laburu Rezola……………….916
  • Alaia Martin Etxebeste…………..576
  • Nerea Elustondo Plazaola……….565.5
  • Oihana Iguaran Barandiaran……560
  • Ane Labaka Mayoz…………………552
  • Beñat Lizaso Alberdi………………541
  • Jon Maia Soria……………………….533
Zabaldu: