Iazko Gutun Zuria (argazkia: Bilboko Udala)

‘Berba dariola’ izenburupean dator otsailaren 27tik martxoaren 2ra egingo den Bilboko Gutun Zuria jaialdia

Letren Nazioarteko Jaialdi hau urteroko topagunea da, literaturak arte garaikidearen sistemarekin duen harremanaz jarduteko. Urtero bezala, aurten ere Bilboko Alondegian izango da jaialdia.

Gutun Zuria Letren Nazioarteko jaialdiaren aurtengo edizioan mugarik eta aukera-mugarik gabeko lurralde gisa planteatzen dute antolatzaileek, hitza eta topaketa ardatz gisa hartuta. Aurreratu dutenez, “berba darion elkarrizketa honetan, ehundik gora sortzailek hartuko dute parte, arteen eta literaturaren, idazketaren eta irudiaren, argitaletxeen eta liburu-denden askotariko truke batean… Jaialdiaren funtsa diren praktiken eta kezken gurutzaketa batean”.

Hala, Gutun Zuriak bere edukiak zabalduko ditu aurten, publiko gazteenari zuzendutako master classekin, narrazio-forma desberdinei buruzko solasaldiekin eta praktika garaikideen artean dabilen sorkuntza artistikoaren inguruko hitzaldiekin, bertsolari, idazle, musikari eta artista bisualen eskutik. Era berean, edizio berri honetan Gutun Zuria +PRO hasiko da, sektore profesionalari, liburuaren kateko eragileei zuzendutako gune berria. Honetan, gaurkotasuneko hainbat gai eta eztabaida zirriborratuko dira urtero, pentsamendu kritiko batetik abiatuta.

Jaialdiaren fokuak martxoaren 2an itzaliko dira, baina ez du atea itxiko, Gutun Zuria Zabalik ekimenaren bidez jarraituko baitu irekita. Letren eta letren hibridazioaren inguruko elkarrizketa-gune berria da Gutun Zuria Zabalik, eta urte osora zabalduko da.

Antolatzaileen esanetan. “edizio hau proposamen artistikoen artxipelago bat izango da, eta horiek, hitzetik abiatuko dira, elkarrizketak eta hausnarketak sortzeko eta sorkuntza garaikidea gizarteari hurbiltzeko”.

Honakoak dira aurtengo edizioan parte hartuko dutenak: Abdellah Taïa, Anna Starobinets, Arantxa Urretabizkaia, Azahara Alonso, Bibiana Collado, Brenda Navarro, Gaston Core, Gemma Ruiz, Hélène Vignal, Iñigo Astiz, Isabel de Naveran, Isaac Rosa, Jon Mikel Euba, Jorge Carrion, Josune Muñoz, Juan Mayorga, Lucia Lijtmaer, Luis Lopez Carrasco, Maialen Berasategi, Malen Amenabarm, Mariasun Landa Etxebeste, Marta Sanz, Miren Agur Meabe, Miren Amuriza, Mikel Inunziaga / Inun, Nadal Suau, Nerea Ibarzabal, Pablo Marte, Patxi Zubizarreta, Rosa Montero, Sonia Rueda, TRACKEN studio eta Txomin Badiola.

Zabaldu: