(argazkiak: Etxepare Euskal Institutua)

‘Bernardo Atxagaren sormen literarioa: memoria eta idazketa’ mintegia New Yorkeko City University-n

Mari Jose Olaziregik eskainiko du mintegia.

Aurten hamar urte bete ditu Etxepare Euskal Institutuak City University of New York-en (CUNY) sortutako Bernardo Atxaga katedrak. Hori dela eta, katedra idazle asteasuarraren obrari buruzkoa izango da aurten, Bernardo Atxagaren sormen literarioa: memoria eta idazketa izenpean, eta gaurtik hasita, Mari Jose Olaziregik emango du mintegia.

Olaziregi Euskal Filologian doktorea da eta euskal literaturako irakaslea EHUko Euskal Ikasketak sailean. Olaziregik berak mintegiaren nondik norakoak azaldu dizkio Etxepare Euskal Institutuari. “Astebeteko mintegia izango da, egunero bi eskola ordu emanda. Eta Doktoretza egiten ari diren hamar bat ikasle izango ditut, Hizkuntzalaritza, Literatura eta Ikasketa Kulturalen arlokoak. Interes eta seriotasun handia erakutsi ohi dute CUNYko ikasleek, eta ziur nago aurtengoan ere literaturzale eta atxagazale, andana izango dudala ikasgelan. Plazera izango da eurekin aritzea”.

Hala, Obabakoak ipuin liburua izango dute lehengo jomuga, “idazlearen ibilibide jorian poesiak, antzerkiak edo haur eta gazte literaturak izan duten garrantzia ahaztu gabe”, adierazi du Olaziregik. “Obaba geografian barneratuko gara, bertan kokatutako istorioen poetikan eta mundu ikuskeran, eta horretaz gain, metaliteraturak liburuan duen garrantziaz ere arituko gara”, azaldu du.

Ondoren, Soinujolearen semea eleberria izango dute aztergai, “1990eko hamarkadan Atxagak memoria historikoa ardatz zuten eleberrietarantz emandako adibide. Utopiak bertan duen garrantziaz egingo dugu solas, eleberriak euskal gatazkaren zergatiez ematen dituen arrazoiez”.

Ikastaroa osatzeko, Atxagaren azkenengo bi eleberriek autobiografiarantz emandako bira izango dute hizpide eta Nevadako egunak eleberria aztertuko dute. “Euskal emigrazioaren narrazio bikain bihurtu ziren Robert Laxalten Sweet Promised Land bezalako eleberriekin elkarrizketan jarriko dugu Atxagaren eleberria”, bukatu du Olaziregik.

Zabaldu: