(argazkia: Azpeitiko Udala)

Ostegunean hasiko dira XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian

Datorren ostegunean, hilak 29, hasiko da Azpeitian Euskal Antzerki Topaketen 38. edizioa, eta ohi bezala, euskarazko antzerki obra ugarirekin osatu dute aurtengo eskaintza.

Aurtengo jaialdian “kalitate handiko” hamaika obra eskainiko dituztela aurreratu du Eneritz Albizu Azpeitiko kultura batzordeburuak. Tartean dira Soreasun sortutako bi antzezlanen estreinaldiak: azaroaren 6an, Bonbom beltz konpainiaren Lanaz eta Xaharretaz eta azaroaren 13an, Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra. Bi obra hauek Azpeitian lehenengoz taularatzeaz gain, herrian bertan landutako obrak dira, bertan egindako egonaldien bitartez. “Garrantzi handia ematen diogu sortze prozesuari ere, izan ere, kulturgileen ondoan egon nahi dugu”, adierazi du Albizuk. 38. edizioa da aurtengoa eta antolatzaileek hastapenetik izan dute argi euskarazko antzerkia eskaini nahi dutela, “Euskal Herrian eta euskaraz kalitate oso oneko antzerkia egiten da eta hori da herritarrei erakutsi nahi dioguna, horri balioa eman nahi diogu” azpimarratu du Albizuk. “Gure herria euskararen arnasgune bat da, euskaraz bizi gara eta kultura ere euskaraz ulertzen dugu. Topaketa hauekin hori islatu nahi dugu”.

Aurtengo edizioa indarberrituta eta berrikuntzaz betetan datorrela azaldu du Albizuk. Berrikuntzen artean ikuskizunen ordutegi eta egutegi aldaketak ditugu. Hala, 21:30etik 19:30era ekarri dituzte helduentzako emanaldiak, herritarren beharretara egokitzeko helburuarekin. Haurrentzako emanaldiak ere egunez aldatzea erabaki dute, lehen igandeetan izaten ziren, baina herritarren eskariak kontutan hartuta, larunbatetara pasatzea erabaki dute. Horrez gain, urtero antolatzen duten txotxongilo erakusketa ere izango da azaroaren 1etik 15era. Erabaki hauek guztiak hartzerakoan herriko kultur eragile guztiek parte hartu dutela nabarmendu du Albizuk.

Azkenik, iaz abiatutako ostegunetako sortzaile berrien Dinamoko emanaldiak ere bere horretan mantentzea erabaki dute, iazko arrakastaren ondotik.

Sarrerak azpeitia.eus webgunean daude eskuragarri.

Egitaraua

Urriak 29, osteguna. Matriuska, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagaren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako obra da.

Urriak 30, ostirala. Erlauntza, Vaiven produkzioak-en eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Urriak 31, larunbata. Kaskarot, ATX Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Haurrei eta helduei zuzenduriko antzezlana da.

Azaroak 1, igandea. Fadoak entzuten zituen gizona, Xake produkzioak-en eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako obra da.

Azaroak 5, osteguna. Urruna, Tripak konpainiaren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako antzezlana da.

Azaroak 6, ostirala. Lanaz eta xaharretaz, Bonbon Beltz taldearen eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 7, zapatua. Ikimilikiliklik, Mari de Jongh Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Haurrei eta helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 12, osteguna. Tribiz, baserri galdue, Jon Ander Urrestiren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako obra da.

Azaroak 13, ostirala. Antigone edo ezetzaren beharra, Horman Poster taldearen eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako antzezlana da.

Azaroak 14, larunbata. Pinocchio lana, Gorakada Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Umeei eta helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 15, igandea. Guateke, Eromen produkzioak-en eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 20, ostirala. XXXVIII. Antzerki Topaketetako hainbat gune eta momentu gogoratuz, sari banaketa. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean.

Zabaldu: