19 filmek osatuko dute Donostiako Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal ekoizpenen zerrenda.
Hamabost film luzek, film ertain batek, film labur batek eta bi telesailek osatuko dute Donostiako Zinemaldiaren euskal ekoizpenen zerrenda, eta Sail Ofizialean, Donostia Sariaren Emanaldi Berezietan, Zabaltegi-Tabakaleran eta Zinemiran, besteak beste, banatuko dira.
71. edizio honetan Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko bederatzi film biltzen ditu, horietako hiru mundu mailako estreinaldiak eta Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste bi lanekin batera. Hala, guztira bost ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria irabazteko.
Irizar Sarirako lehiatuko dira
Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoa da Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) Bidasoa 2018-2023 dokumental berriaren ardatza. Errealizadore eta musikari gipuzkoarrak hainbat aldiz erakutsi izan ditu bere lanak, hala nola Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black is beltza, 2018) eta Belodromoan (Black is beltza II: Ainhoa, 2022).
Zinemiran ohikoa da, halaber, Josu Martinez (Bilbao, 1986), beste edizio batzuetan Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen (2010) eta Paperezko hegoak (Alas de papel, 2021) filmak aurkeztu ondoren, bi filmerekin izango izan da aurten ere: batetik, Bizkarsoro alegiazko herri batean kokaturiko bost istorio errealez osatutako istorioa; bestetik, Mirande, film baterako zirriborroa, Zinemira sailari amaiera emango dion lana, Jon Mirande idazlearen bizitza eta lanari buruzkoa da.
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian ariko dira beste sail batzuetan bildutako beste bi film ere. Lehenik eta behin, Isabel Hergueraren (Donostia, 1961) El sueño de la sultana animazio-filma; eta bestetik, Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) eta Rosa Zufia (Tutera, 1958) zuzendarien Arnasa betean, emakume zinegileak / A Deep Breath, Women Filmmakers (A pulmón, mujeres cineastas), irailaren 26rako programatuta. Azken hau Victoria Eugenia Antzokian eskainiko da Euskal Zinemaren Galaren barnean. Euskal emakumeek sortutako zineman murgilaraziko gaituzte zinemagile bi hauek film honetan.
Lehiaz kanpo
Beste sei filmek osatuko dute Zinemiraren programazioa, baina lehiaz kanpo hartuko dute parte, Donostiako emanaldien aurretik estreinatu direlako: Estibaliz Urresolaren (Laudio, 1984) 20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees (20.000 erle espezie) filmak emango dio hasiera sailari; egilearen lehen film luzea Berlinale zinema jaialdian estreinatu zen eta Sofía Oterok antzezle protagonista onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Ondoren, film onenaren Urrezko Biznaga eskuratu zuen. Patricia Lopez Arnaizek, berriz, emakumezko aktore onenaren golardoa irabazi zuen.
Halaber, lehiaketaz kanpo honako filmak ikusi ahal izango dira: Irati, Paul Urkijo Alijoren (Gasteiz, 1984) bigarren film luzea; Sílvia Munt aktorearen (Bartzelona, 1957) Las buenas compañías / In the Company of Women, Sílvia Munt; Amat Vallmajor del Pozoren (Girona, 1996) Misión a Marte / Mission to Mars; Iratxe Fresnedaren (Bilbao, 1974) Tetuán lan berria; eta Felix Viscarreten (Iruñea, 1975) Una vida no tan simple / Not Such an Easy Life.