Bihar abiatuko da Animadeba Nazioarteko Animaziozko Zinemaldia Deban

Lau egunetan zehar, haur eta helduentzako animaziozko film luzeak eta laburrak proiektatuko dira. Horrez gain, Animadeba OFF,  Work In Progress, Case study (kasu azterketak), Animadeba LAB, aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak, ikuskizun eta musika emanaldiak izango dira aurtengo edizioan.

Animadeba Nazioarteko Animaziozko Zinemaldiaren 26. edizioa izango da bihartik larunbatera bitartean, Deban. Urtez urte babes handiagoa lortzen ari den jaialdia dugu Animadeba eta Euskal Herriko animazioaren panoraman ezinbesteko hitzordua bihurtu dela azpimarratu dute antolatzaileek, publikoaren, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten topagunea da Animadeba”, diote.

Hala, lau egunetan zehar, haur eta helduentzako animaziozko film luzeak eta laburrak proiektatuko dira. Horrez gain, Animadeba OFF,  Work In Progress, Case study (kasu azterketak), Animadeba LAB, aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak, ikuskizun eta musika emanaldiak izango dira aurtengo edizioan.

Nazioarteko film labur lehiaketan bi sail antolatu dira dira: Sail Nagusia eta Zuzendari Berriak EHU saila. Munduko 83 herrialdetatik jasotako 1057 film laburretatik, 22 lan izango dira parte hartuko dutenak bi sail hauetan. Filmen aukeraketa prozesuan Animadebako programatzaileekin batera Debako hamabost herritar ere aritu dira. Aukeratutako filmen artean Euskal Herria, Ingalaterra, Estatu Batuak, Txekiar Errepublika, Irlanda, India, Italia, Alemania, Portugal, Txina, Israel, Hungaria, Iran eta Suitzakoak daude. Hala, irailaren 8an eta 9an saio ezberdinetan proiektatuko dira Sail Nagusian parte hartuko duten Animaziozko film laburrek: Sail nagusia I eta Sail nagusia II. Sail honetako, lan guztiek aukeratuak izateagatik 500 euroko ordainsaria jasoko dute. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpidatziekin.

Zuzendari Berriak EHU sailari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateak bere gain hartuko du ataleko irabazlearen saria. Nazioarte mailako animazio eskola entzutetsuenetako ikasleek egindako film laburrak ikusi ahalko dira. Sail honen aurretik Animadeba Off izango da irailaren 5ean Donostiako San Telmo Museoan.

Aurtengo epaimahai nagusia, bestalde, hiru kidez osatuta egongo da: Signe Baumane zinema zuzendaria eta aurtengo Animadebako gonbidatu berezia, Ligia Soare Bucaresteko Animest zinemaldiko programatzailea (Animest izango da aurtengo zinemaldi gonbidatua jaialdian) eta Carmen Cordoba animazio zuzendaria.

Banatuko diren sariak, honakoak izango dira: film onenaren saria, gidoi onenaren saria, publikoaren saria, zuzendari berriak EHU saria eta K sariak Kresala zineklubaren eskutik.

Film luzeak

Lehiaketatik kanpo, haur nahiz helduentzako film luzeak egongo dira ikusgai. Zinemaldiari hasiera emateko, Luciano Berriatua gonbidatu dute, El buscón bezalako fikziozko filmak zuzentzeaz gain, animaziozko filmak zaharberritu ditu, hala nola Jose Escobar eta Alexander Cirici-Pellicerren Érase una vez del año 1950, Cenicienta pertsonaian oinarritua.

Bestalde, Emilio de la Rosa animazio historialariak zaharberritze prozesuaz hitz egingo du. Jarraian, Zoe Berriatua semeak zuzendutako Locos por la animación filmaren estreinaldia izango da, aurkitutako eta zaharberritutako animaziozko filmei buruz hitz egiten duen dokumentala.

Film luzeen artean, Alain Ughetto zinemagile frantziarraren No se admiten perros ni italianos ikusi ahal izango da eta Alberto Vazquezen Unicorn wars, euskarazko bertsioa.

Haurrei zuzendutakoak, berriz, Alan giza antena eta Yuku eta Himalayako Lorea izango dira.

Animazio industria ezagutaraztea eta bultzatzea da Work In Progress sailaren helburu nagusiena. Sail honetan 24 proiektu aurkeztuko dira animaziozko film labur eta animaziozko serie kategorietan. Bi ataletan bereiztuko dira: Talentu Berriak (13 proiektu) eta Work in Progress (11 proiektu).

Zabaldu: