(argazkia: Susa)

Bertolt Brecht eta Mario Benedetti poeten antologia berriak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

Liburuak Irati Majuelok eta Inma Erreak itzuli dituzte. Kaier berri hauekin 46. zenbakira iritsi da bilduma.

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan, Susa argitaletxeak editatzen dituen azken bi aleak aurkeztu ditu: Bertolt Brecht alemaniarrarena eta Mario Benedetti uruguaiarrarena. Autore bi hauekin 46. zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiatutako bilduma. Maialen Berasategi Catalanek eta Isabel Etxeberria Ramírezek zuzentzen dute proiektua eta urtero lau antologia argitaratzen dira: Bi udaberrian eta beste bi udazkenean.

Irati Majuelok ekarri ditu euskarara Bertolt Brechten (1898-1956) olerkiak. Susaren arabera, “Gaur egun inor gutxik ezetsiko du XX. mendeko poemagile aleman eta europar nabarmenetako bat izan zela Brecht, baita autore oparoa ere”. Haren 2.000tik gora olerkien lagin zaindua eta indartsua dakarkigu orain Majuelok bilduma honetara. “Brechten gaztetako ahots noiz nihilista samar noiz ederzaleak, autorearen kontzientzia politikoa sakondu ahala, bide egin zion ahots gero eta sozialago, konprometituago bati. Berdin beharrezkotzat jo zituen, ez alferrik, eguneroko ogia eta eguneroko justizia. Marxismoaren inguruko poema didaktiko samarrak idazteaz gainera, askoz harago, herri xehearen klase borrokaren zerbitzuan jarri zituen bere sorkariak. Brechtek aise uztartu zituen, ia banaezin bilakatzeraino, denuntziaren gordina, eguneroko bizimoduaren biluztasuna eta elkartasunaren gozoa.”.

Inma Errea, bere aldetik, Mario Benedetti (1920-2009)  autorearen testuak euskaratzeaz arduratu da. Argitaletxeak adierazi duenez, “Benedettiren poesian eta literatura osoan, inguruan duen errealitatea irakurtzeko eta injustizia salatzeko tema etengabea da. Benedettik aberriari begiratzen dio bere poemetan, barrutik eta kanpotik, eta bere biografiako momentuaren arabera nabartzen da emaitza: Bordaberryren diktadura aldia baino lehen turista ezaxola gisa egindako bidaien ondoriozko so xeratsua, lehenik; “hurbiletik urrunera” eta “elkartasunetik elkartasunera” egindako erbestealdiko nostalgia, aurrerago; eta deserbesteratze garaiko kontranostalgia eta itzuleran topatutako Uruguai ezezagunak sorrarazten dion harridura, ondoren. Bere beste gai nagusiaz ari denean ere, maitasun poemetan, alegia, zintzoa eta xaloa da begirada; ez, haatik, kurtsia. Kaier honetan Errrearen ahots jakintsuaren bitartez kantatzen digu, doinu natural eta itxuraz erraz baina sakon gogoetatutakoan”.

Zabaldu: